Urriaren 27an Donostian egitekoa den manifestaziori begirako atxikimenduak urrunetik ere badatoz. Hondakinen errausketaren aurkako estatu mailako koordinakundeak Leongo Ponferradan asteburuan egin duen zortzigarren topaketatik animu eta babes mezua helarazi dute sare sozialen bidez, txalo eta “ez, ez, ez, errausketarik ez!” oihu artean. “Donostiako erraustegiaren eraikitzearen aurka urriaren 27an egingo den manifestazio deialdirako gure agurra eta babes osoa bidaltzen dizuegu”.
https://twitter.com/GipuzkoaZutik/status/1051753787868815360
20 bat talde batu zituen hitzorduan hizpide ugari hartu dituzte ahotan: hondakinen errausketaren aurkako borrokan izandako esperientzia juridikoak, hondakinak errausteak osasunean duen eragina, hondakinen kudeaketa jasangarria, zero zabor bidea, gizartean eragin handiagoa izateko nola antolatu, koordinatu, baliabide eta helburuak partekatuz; errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa eraginkorraren alde lege aldaketen konkistan nola egin aurrerantz...
Topaketa honetan parte hartu dutenen artean izan da, Hernaniko Udaleko zinegotzi Mattin Aldaia. Hernaniko esperientzia partekatu zuen jardunaldiotako parte hartzaileekin. Bestalde, GuraSOS, errausketaren aurkako mugimendua edo Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen eskutik ezagunak zaizkigun profesionalek ere parte hartu dute jardunaldiotan. Besteak beste, CSIC-eko zientzialari Eduard Rodriguez Farrék eta Fernando Palacios Arribasek. Gogoan izan, Palacios Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kidea ere badela. Biek GuraSOS-ek eskatuta, martxoa hasieran Donostiako Medikuen Elkargoan aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzak Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiari 2016ko apirilean emandako Ingurumen Baimen Bateratuak ez duela herritarron osasuna bermatzen argi uzten zuten txostena.