Sexu Aholkularitza Gunea zabalik berriz gaurtik

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 16a, 10:49

Urriaren 16az geroztik ateak zabalik ditu berriz Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak. Hilabetero, lehen, hirugarren eta bosgarren astearte arratsaldeetan eskainiko da doako udal zerbitzua, 17:00-19:00 artean, Gizarte Zerbitzuek Kale Nagusia 43, behean duten egoitza berean. Bertaratu nahi duenak aurrez eska dezala hitzordua, 697 919 516 telefono zenbakira deituta edo whatsapp mezu bat bidaliz. Bestela, idatzi email bat sexuaholku@usurbil.eushelbidera. Informazioa, formazioa eta bikote edo bakarkako aholkularitza sexologikoa eskaintzen da bertan. Hainbat gai jorratzeko aukera ematen du; sexu-identitatea, desiraren norabidea, haziera erotikoa, jolas eta jostailu erotikoak, plazera, zeloak, asperdura, fantasiak… Adin guztietako pertsonei zuzendua.

7 urte bete dituen udal zerbitzu honek jada bere tartea egin du Usurbilen. Zenbaki batzuk horren adibide gisa. Urtero zuzenean 150 bat lagunek baliatzen dute Sexu Aholkularitza Gunea. Horri besteak beste, guraso edota hezitzaileekin bideratzen duten lanketa, eta haiek era berean ikasle nahiz seme-alabekin egiten duten transmisio lana gaineratu behar zaio. Sare sozialetan ere presente dago gunea eta hortik 300-500 bat lagunengana heltzeko modua dute. Halere, udal zerbitzu honetako sexologo eta arduradun Elena Jimenezek NOAUA!ri aipatu izan dionez, “guneak badu leku bat herrian, baina egia da ere hainbat herritarrek ez duela ezagutzen. Denengana heltzea ez da erraza".