Abendurako martxan, erraustegi ondoan kokatuko duten Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioa

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 16a, 14:13

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2030 urte arterako uztailean onartu zuen Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan orokorraren aurreproiektuak jaso bezala, "Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioa" izenekoa sortzea proposatzen du, "eta horrek ere lankidetza publiko-pribatuko akordioak sustatuko ditu proposatu diren helburuak betetzeko jarduerak abiarazteko". Foru gobernu taldeak, joan den irailean Pasaiako Albaolan aurkeztu zuen "Etorkizuna Eraikiz", Gipuzkoaren etorkizunerako proiektu estrategikoen artean kokatu zuen zentro hau. 

Aipatu fundazioa Zubietan kokatuko dute, erraustegia eraikitzen ari diren eremu berean. Gipuzkoako Foru Aldunditik aurreikusten dutenez, urte amaierarako, abendurako martxan jarri asmo dute.

Iaz Ingurumen Departamenduak abiatutako "Gipuzkoa Klima 2050" klima aldaketari buruzko programaren baitan dago egitasmo hau. Programaren "helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz". Fundazio honen jarduna hiru ardatzetan oinarrituko dela dio Aldundiak. Batetik, berotze globalak Gipuzkoan duen eragina neurtu eta aztertuko duen behatoki bat sortu nahi dute. Birziklatze industria eta ekonomia berdea sustatuz, ekonomia zirkularrari bultzada eman nahi diote. Azkenik, energia berriztagarriak sustatuz, trantsizio energetikoan aurrera egin.

Aipatu moduan, "Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioa" Zubietako erraustegiaren ondoan kokatuko dute. Azpiegiturok inguratuko dute; erraustegiak, tratamendu mekaniko-biologirako plantak eta biometanizazio plantak. 

2019ko udazkenerako martxan jartzea aurreikusten duen azpiegitura guztiokin, Foru Aldundiak behin betiko konpondutzat ematen du hiri hondakinen kudeaketarekin Gipuzkoan dugun gatazka.

 

"KLIMA ALDAKETAREN ZENTROA" 

-Inbertsioa: 1.500.000 euro (2017an 700.000 euro, 2018an 800.000 euro).

-Eremua: 3.384 m2 (Donostiako lurretan).

-Izango dituen guneak: behatoki bat, ekonomia zirkularra sustatzeko alor bat, eta Gipuzkoaren trantsizio energetikorako eta energia berriztagarrien garapenerako departamentu bat.

-Zentroaren ardatz nagusiak:

1-Berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea.

2-Ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea. 

3-‘GK Recycling’ birziklatze klusterra indartzen jarraitzea, eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.