Elkar eta Gureak Usurbilgo Michelingo lurretara datoz

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 17a, 16:13

Dimentsio handiko hirigintza-hitzarmena sinatu dute eguerdian Artzabalen. Ondoko irudian dituzue sinatzaileak; ezkerretik hasita, Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakaria, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendaria, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakaria eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea.

Gaur sinatu duten hirigintza-hitzarmen honi esker, Gureak eta Elkar Usurbila datoz, Usurbilgo lurretara, Michelinek hutsik duen lurzorura. 950 lanpostu birkokatuko dira eremu honetan. Atzerapenik ez bada, 2022 aldera errealitate bilaka daiteke proiektu handi hau. 

Gogoan izan gaur sinatu den hirigintza-hitzarmen hau udalbatzak aho batez onartu zuela iraila amaierako osoko bilkuran, uztailekoan behin behinean onartu ostean. Hitzarmen honi esker, Michelinek Zapategi eremuan libre utzitako 43.881,09 metro karratuko gunea erosiko dute eta bertan kokatuko dira. Aipatu Zapategi eremua bitan banatuko da etorkizunean. Zati bat Michelinek okupatuko du, bestea Gureak eta Elkarrek.  

Onurez josia

Udal gobernu taldetik nabarmentzen dutenez, “euskara, kultura, gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua da” honakoa. Lorpen handitzat eta onuragarritzat jotzen dute, bi lantegiok Usurbila ekartzea. Guztira, 950 lanpostu kokatuko dira Usurbilen eta “ahul dauden sektoreak indartzeko balioko du”. Hainbat langile birkokatuko dira bertan, lanpostu berriak ere sortuko dira. Elkarrek bere jarduera eta biltegia barnebilduko dituen pabilioi bat eraikiko du. Gureak-ek lau eraikiko ditu; “elektronikakoa, marketing-erako, muntai-lanetarako eta hezkuntza eta zerbitzuetarako”.  

Hiriarekiko konexioa bermatzea, lurraren optimizazioa eta erabilera nahasketa, biodibertsitatea eta geografia-balioak mantentzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, egonkortasun soziala bermatzea, hortxe eremu honetan Udalak sustatu nahi izan dituen ezaugarriak, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak” alboratuta.