Michelinek hutsik duen lurzoruan kokatuko dira Elkar eta Gureak

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 17a, 15:38

Asteazken honetan Usurbilgo Udalak, Michelinek, Gureak-ek eta Elkarrek Artzabalen sinatu duten hirigintza-hitzarmenaren arabera, Michelinek hutsik duen lantegiaren ondoko lur eremuan kokatuko dira Elkar eta Gureak, Urbil merkatalgunearen parean.

Hitzarmen honi esker, Michelinek hutsik duen 70.000 metro karratuko lur eremuan kokatuko dira Gureak eta Elkar. Bi enpresok 45.000 metro inguru hartuko dituzte. Gainerako eremua, Michelinek berak, bere jarduera sendotzeko. 

Udalbatzak iraila amaieran aho batez onartu eta gaur sinaturiko hitzarmenak udalerriko mugak gainditzen dituen proiektu handi honen tramitazioa abiaraziko du. Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-87 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala bideratuko da hurrengo hilabeteotan. Eta aldaketa puntual honi esker, ondoko irudietan duzuen Michelinek erabili gabe duen lur eremuan kokatuko dira etorkizunean Elkar eta Gureak. Degradaturiko espazio bat birgaituko dela eta lanpostu ugariren eremua izango dela nabarmentzen zuen Xabier Arregi alkateak iraila amaierako azken osoko bilkuran. 

"Sekulako operazioa, Usurbilentzat, eskualdearentzat eta herrialdearentzat", hitzokin definitu zuen irailaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran Usurbilgo alkate Xabier Arregik, udal talde guztiek aho batez eta behin betiko onartu zuten hirigintza hitzarmena.

Onurez josia

Udal gobernu taldetik nabarmentzen dutenez, “euskara, kultura, gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua da” honakoa. Lorpen handitzat eta onuragarritzat jotzen dute, bi lantegiok Usurbila ekartzea. Guztira, 950 lanpostu kokatuko dira Usurbilen eta “ahul dauden sektoreak indartzeko balioko du”. Hainbat langile birkokatuko dira bertan, lanpostu berriak ere sortuko dira. Elkarrek bere jarduera eta biltegia barnebilduko dituen pabilioi bat eraikiko du. Gureak-ek lau eraikiko ditu; “elektronikakoa, marketing-erako, muntai-lanetarako eta hezkuntza eta zerbitzuetarako”.  

Hiriarekiko konexioa bermatzea, lurraren optimizazioa eta erabilera nahasketa, biodibertsitatea eta geografia-balioak mantentzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, egonkortasun soziala bermatzea, hortxe eremu honetan Udalak sustatu nahi izan dituen ezaugarriak, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak” alboratuta.