"Sekulako garrantzia duen jarduera ekonomiko bat bertara ekartzera goaz. 950 lanpostu ekarriko ditugu Usurbila. Horrek duen dimentsioa sekulakoa da", udalerri baten dimentsioa gainditzen du Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen esanetan, asteazken honetan Artzabalen, Udalak berak, Michelinek, Gureak eta Elkarrek hirigintza-hitzarmena sinatzeko egin duten ekitaldian.
Aurrez eginiko lan luze eta sakonaren emaitza izan da gaurko ekitaldia. Hitzarmen honi esker, gogoan izan, Gureak eta Elkar Usurbila datoz, Michelingo lurretara. Eta Michelinek bere lan jarduera ere sendotuko du. Hitzarmen honen sinatzeak "hirigintza tramitazioaren lehen urratsa markatzen du" alkatearen esanetan. Hurrengo urratsa, "gure arau subsidiarioen aldaketa puntual bat bideratzea izango da" iragarri du.
Etorkizunean Michelin inguruak hartuko duen itxura ez dela ohiko poligono itxi bat izango, enpresen betebehar pribatuak eta erabilera publikoa uztartuko dituen espazio ireki bat baizik. Irisgarritasuna eta genero perspektiba oso kontuan hartuko dituen espazioa. "Hirigintza modernoaren eta jasangarriaren adibide on bat garatu dugu hilabeteotako lan guztian", nabarmendu du alkateak gaurko sinatze ekitaldian.
Gaineratu duenez, hirigintza ez espekulatiboaren bidetik, espazio berriak okupatu beharrean, espazio huts eta zaharkituak birgaitu eta berrerabiltzeko Udalaren helburuekin bat dator elkarlanean bideratzen ari diren egitasmo hau. "Inguru zaharkitu bat oso modu duinean eraberritzera goaz".
Elkarlana goraipatzea
Argi adierazi du Arregik, "Usurbilgo lurrak ez dizkiogu edonori eskaini". Legegintzaldi hasieran, Gureak eta Elkarrek bakoitzak bere aldetik jo zuen Udalera. "Elkarlanerako aukera eskaini zitzaien". Aukera honi baiezkoa eman zieten. Gaur alkateak zioenez, "goraipatu nahi dut elkarrekin lan egiteko hartu zuten deliberoa".
Bidelagun hoberik nekez aurkitu zitekeela adierazita, poza agertu eta lorpen handitzat jo du Elkar eta Gureak-ekin bideratzen ari diren elkarlana. "Gure herrian sustraitutako enpresak dira. Beren jarduerak bat egin du bete-betean Usurbilgo herriak dituen baloreekin", azpimarratu du. Gureak-en kasuan, "nahitaez aipatu beharra dago aniztasun funtzionala, inklusibitatea, pertsonak lan mundura erakartzeko egiten duen ahalegina. Elkar, euskararen eta euskal kulturaren erreferentzia ezinbestekoa da".