Usurbilgo Udalak bezala, proiektu oso ontzat jo dute Gureak-ek, Elkarrek eta Michelinek asteazken honetan Artzabalen sinatu duten hirigintza-hitzarmena. Gogoan izan, hitzarmen honi esker Gureak eta Elkar Michelingo lurretan kokatuko direla.
Gureak: "Behar puntual batetik Donostialderako irtenbide batera joko dugu"
"Proiektu oso ona da Usurbilentzat eta gipuzkoarrentzat", zioen Gureak-eko lehendakari Iñaki Alkortak. Haientzat "behar puntual batetik Donostialderako irtenbide batera joko dugu", gaineratu du. Beharrak bultzatuta jo baitzuten Usurbilgo Udalera. Lasarte-Orian duela 20 urtetik duten tailerra zaharkitua geratu zaie, "erabat mugatua". 177 langileek dihardute bertan, bere esanetan "baldintza prekarioetan".
Horregatik zioen, "beharrak eragiten du askotan irtenbideak bilatu beharra". Eta esker oneko agertu da, irtenbideen bila aterata, proiektu honetara batu zaizkienekiko.
Lan eskaeraren %80a Euskaditik kanpo jasotzen dutela adierazi arren, "indar komertzial horrek guztiak Gipuzkoan lanpostuak sortzea dakar". Jendea lan eske dutela zioen. Zentzu horretan, proiektu honen garrantzia nabarmendu du. "Gaur sinatzen dugun operazio hau, Gipuzkoan bizpahiru urteetan izango dugun garrantzitsuena izango da". Michelingo lurretan 400-500 lanpostu birkokatuko dituztela aurreikusten du Gureak-ek.
Lasarteko tailer zaharkituak eragiten zituen beharrei erantzungo die Michelingo gune berriak. Horrekin batera, Donostia edota Errenteriako zenbait lantoki ere bertara lekuz aldatu asmo dituzte.
Elkar: "Kultur industriari sendotasuna emango dio"
Proiektu honek "kultur industriari sendotasun bat emango dio", zioen Elkarlanean Fundazioko lehendakari Joxe Mari Sors-ek. Zergatik Usurbil? galdetzen zuen. "Usurbilen aurkitu ditugulako Michelin, Gureak eta Udalaren altetik erraztasunak gure proiektua aurrera eramateko", Sorsen esanetan.
Eta baita etorkizuneko erronkei heltzeko ere. Kultur paradigma baten aurrean gaudela zioen. "Kulturaren kontsumoa aldatzen ari da. Azpiegiturak sortu behar ditugu". Alde horretatik proiektu honek, aipatu moduan, kultur industriari sendotasun bat emango dio, "gure balore bat indarrean jarrita, elkarlana". Azkeneraino, "portura iritsiko garela pentsatzen dut eta zerbait garrantzitsua izango dela Usurbil eta Gipuzkoarentzat".
800 produktu, %80a euskaraz argitara ematen du Elkarrek. Inprenta bat, lau argitaletxe, Madrilen, Valentzian eta Bartzelonan banatzaileak eta 20 liburu denda dituzte. "Horren kudeaketa biltegiak, zuzendaritza eta guztia ekarri nahi da Usurbila. 450etik gora langile", Sorsen hitzetan.
Michelin: "Atsegin egiten zaigu gure bizilagunak izatea"
Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendariak ongi etorria eman die etorkizunean bizilagun izango dituzten Gureak eta Elkarrekoei. "Atsegin egiten zaigu gure bizilagunak izatea".
Tokikotasunaren ikuspuntutik, herriari estuki lotutako bi enpresak goraipatu ditu. Haiekin partekatuko du etorkizunean, Michelinek egun hutsik duen lurzoru zati bat. Oroitu duenez, duela 10 urte neumatikoen ekoizpenean espezializatzen hasi ziren. 80 milioi eurotik gora bideratu zituzten instalakuntzak egokitzera. 10 urteren buruan, gama altuko eta lasterketetarako motoen gurpilen mundu mailako erreferentziazko ekoizpen gunean bilakatu direla nabarmendu du. "Gure desioa betetzear da", zioen. Hutsik duten lurzoruan, "hiri integrazioaren adibide izango den proiektua garatuko da".
https://youtu.be/MoTSkDmMaXE