Artzabalgo plazara gerturatzen bazarete itxita aurkituko duzue. Udalak iragarriak zituen zoladura konpontzeko lanak abiatu dituzte. Lanok iraun artean plazarako sarbidea mugatua egongo da. "Soilik auzoek eta lokal komertzialetako bezeroek izango dute sarbidea eremu horretara. Garajeetara jaisteko eskilarak ere erabilgarri izango dira auzokoentzat", Udalak Udalberri aldizkariaren bidez ohartarazi duenez.
Konponketa lanok bi hilabete iraungo dute. Landa e Imaz SA enpresak bideratuko dituzte. Obra guztion zati bat Udalak hartuko du bere gain, zoladura konpontzeko gastuak hain zuzen, 267.000 euro guztira. Bertan bizi direnek inpermeabilizazio gastuak hartuko dituzte haien gain, 64.000 euro guztira.
Bizilagunen eta Udalaren arteko hitzarmena
Iaz, urte amaieran Artzabalgo plaza berritzeko hitzarmena sinatu zuten bertako bizilagunek eta Usurbilgo Udalak. Modu honetan, urte luzez katramilatua egondako auzia konpondu zuten.
Ezinbestean burutu beharreko obrak ziren honakoak. "Usurbilgo Udalak beharrezkoa ikusi du plazako zoladura konpontzea, oso egoera txarrean baitago baldosa. Halaber, lan horiek baliatuko dira, inpermeabilizazioa berritzeko, berme epea iraungita duelako. Udalak obra guztia amaitu artean bere gain hartuko ditu gastu guztiak, baita inpermeabilizazio gastua ere. Lanak amaitutakoan, bizilagunek Usurbilgo Udalari itzuliko diote aurreratutako dirua, eta bi fasetan ordaintzeko aukera izango dute", ohartarazi dute Udaletik.
Lanok 267.000 euroko kostua eragingo dute Udalak berri eman duenez, "bi urtetan ordainduko du". 2018ko udal aurrekontuetako 150.000 euro zereginotara bideratuko dituzte, gainerakoa 2019an ordainduko du Udalak. Inpermeabilizazio kostua aldiz, Puntapax kaleko 10, 12, 14 eta 16ko bizilagunek bere gain hartuko dute; ia 64.000 euro guztira. Hala adostu zuten bizilagunen lehendakariak eta Udalak iaz urte amaieran sinatu zuten hitzarmenean.