Begiraleen lan-poltsa osatu nahi du Aginagako guraso elkarteak

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 18a, 08:09

Aginagako Guraso elkarteak begirale lan-poltsa osatu nahi du. “Aginagan antolatzen diren Gabonetarako, Aste Santurako, udako txokoetarako eta baita goizetako zaintza zerbitzurako ere”, berri eman digutenez. Kurrikulumak aginaga@eskolatxikiak.org helbidera bidali behar dira urriaren 26a baino lehen.

“Zure ametsetako gela”

Izenburu horri lotutako doako tailerra antolatu du Aginagako San Praixku Guraso Elkarteak larunbaterako, urriaren 20rako 10:00etan Aginagako ludotekan, 5-12 urte artekoentzat. "Kraftkovia formakuntzarako egitasmo bat da. Hainbat ekimenen bidez, parte hartzailearen sorkuntza gaitasunak garatzeko helburua duena". Izena aurrez eman beharko da, aginaga@eskolatxikiak.org helbidean. Antolakuntzak ohartarazi duenez, plaza kopuru mugatua izango da.

2019ko Eskola Txikien festa antolatzen hasiak

Ikasturte berezia dute honakoa Aginagako Eskolakoek. Gogoan izan, 2019ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Aginagan ospatuko da. Eguna finkatua dute, ekainaren 9an izango da jaialdia. Prestaketa lanak martxan dituzte jada.

Jaialdirako logoa eta arropa aurkeztu zituzten San Praixkuetan. Bokatak ere saltzen aritu ziren dirua biltzeko. Eta laguntza jasotzen segitzeko arropa salgai izango dute hurrengo hilabeteotan. Kamisetak 12 eurotan; jertseak 20 eurotan umeentzat, 25 helduentzat.