2013an eraikitzea aurreikusia zegoen erraustegia geratzeagatik, apirilean epaitu zituen Espainiako Kontu Auzitegiak garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkin, egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ko agintariek haien aurka aurkezturiko salaketaren harira. Milaka gipuzkoarrek urte luzez eskatutakoa betetzeagatik, erraustegia geratu izanagatik, 40 milioi eurotik gora ordaintzea eskatzen zieten. Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoi eman die orain. Erraustegia geratzea ez zen delitua izan. Erraustegia geratu izana egoki ikusi du aipatu epaitegiak, besteak beste, gaindimentsionatua zegoela baitio. Epaia atera berri den honetan, Ainhoa Intxaurrandieta elkarrizketatu dugu.
Zama handia zenuten gainean, baina baikor ageri zineten, beti egindakoa ondo egin zenutela nabarmenduz beti. Epai hau eskutan orduan esandakoak berresteko moduan zarete?
Lehen baikorra banintzen pentsa orain, oso baikor eta oso pozik noski. Zama genuen, zama gainetik kendu zaigu, epaia oraindik errekurritu badezakete ere. Azkenean denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Guk bagenekien ondo jokatu genuela, horrela jokatu behar zela, herritarron interesak defendatu genituela eta horren aurrean ez dago besterik. Gu oso lasai geunden herritarron interesak defendatu genituelako, ez dakizuna da zer etorriko den elite horretatik. Eta elite horretan badaude enpresak, banketxeak baina baita epailetza ere. Orain sententzia honek arrazoia eman digu, are lasaiago gaude. Indartsu, irribarretsu eta lanean topera jarraitzeko asmotan lehen, eta orain berdin.
Bide honetan oso babestuak sentitu zaretela aipatu duzue egunotan. Baina aldeko epaia jaso duzuenean, are gehiago?
Ba bai. Lehen babestuak sentitu baginen, orain are eta gehiago. Orain kaletik joan eta ezagutzen ez duzun jendeak zorionak ematen dizkizu. Izugarria izaten ari da. Konturatzen zara gainera, kolore guztietako jendea dela zoriontzera etortzen zaiguna. Konturatzen zara azkenean, herritarrok defendatu genituela eta herritarrok eskertzen digutela.
Arrazoia ematen dizue epaiak. Epaia ordea haratago doa. Besteak beste, garai hartan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortzen du. Epaiak, atzean dagoen gaiari heltzen dio zuzen zuzenean. Harridura sortu dizue horrek?
Epaia bere osotasunean izan da harrigarria. Guk ondo egin genuela eta arrazoi genuela dio, eta gero bigarren zati hori are harrigarriagoa da. Gaiari heltzen dio. Guk maneiatu genituen argudio guztiak ontzat ematen ditu. Batetik, erraustegia gaindimentsionatua zegoela dio. Esaten du erraustegia ez zela bideragarria, niretzat hori da klabea. Ez bada bideragarria, ezin zen eraiki. Eta guk hori egin genuen. Gainera, erraustegia geratu izanaren ondoriozko diru horren galeraren arduraduna zein den zehazten du. Guk egin genuen gauza bakarra, besteek egindako okerra zuzentzen saiatzea izan zela esaten du. Orduan, diru galeraren ardura aldez aurretik gaindimentsionatua zegoen proiektu bat ontzat emandakoak duela. Jakinda gainera gaindimentsionatua zegoela, epaiak dioenez. Bazituzten txostenak bi urte lehenagotik, esaten zietenak kanpoan hondakinak bilatu beharko zituztela, erraustegia gaindimentsionatua zegoelam eta horrek mankomunitateei, beraz udalei, izugarrizko kalte ekonomikoa ekarriko ziela. Bestetik, legegintzaldi honetan, guk swap-ak bertan behera uzteko epaitegietara eraman genituen, eta legegintzaldi honetan, oraingo GHK-k erabaki zuen kontrako sententzia ez errekurritzea eta ontzat ematea. Orduan zuk ontzat ematen duzu, swap-ak ordaintzen jarraitzera kondenatzen zaituen epai bat. Gero zergatik eskatzen dizkiozu milioi horiek kontratu hori mozten ahalegindu direnei? Eta ez saiatu berriro behintzat berriro errekurritzen? Horrelako sententziak errekurrituta Auzitegi Gorenera iristen dira eta azken urteotan swap-ak bertan behera uzten ari dira Gorenean. Eta hori epaiak ere esan egiten du. Orduan, diru galeraren ardura 2007-2011 legegintzaldian zeuden GHK-ko ordezkarien gain kokatzen du, eta baita oraingo ordezkarien gain ere. Hor bakoitzak bere ardurak hartu beharko ditu. Mendeku gose izugarriarekin saiatu dira gure kontra egiten, gure etorkizuna erabat txikitu nahi izan dute. Azkenean guk 40 milioi eurotik gora ordaindu behar izan bagenitu, pentsa, horrek soldaten eta etxebizitzen enbargoa ekarriko zuen. Azkenean denborak bakoitza bere lekuan jarri du eta diru galera horren erantzule bakarrak beraiek direla esaten du. Beraz, nik uste dut hemen irakurketa asko dagoela, baina garrantzitsuena da oso ondo egin genuela, beste aukerarik ez zegoela eta besteak direla oker, elite ekonomiko baten mesedetan jokatzen ari zirenak.
Epai honek ardurak eskatzeko bidea zabaltzen du?
Oraindik sententzia errekurritzeko 15 eguneko epea dute. Itxuraz, errekurritzeko asmoa dutela jakin dugu. Orain arte bezala, erabakiak hartzen joango gara. Egokiena egingo dugu. Ez dakigu nola egingo dugun, baina ardura horiek nik uste dut eskatu egin behar zaizkiela. Azkenean diru publikoarekin batera sartzen dugu joko zelaian, ingurumena kaltetzen duen azpiegitura bat eraiki nahi zela, horrek ere osasuna izugarri kaltetzen duela. Horrelako galera garrantzitsuak daudenean jakin egin behar da erantzuten, zergatik egin den hori, zergatik hartu ziren erabakiak erabaki okerrak zirela jakinaren gainean zeundenean, zergatik korrika eta presaka lotu zituzten gauzak eta irregulartasun eta ilegaltasun batzuk egin zituzten jakinik gaizki egiten ari zirela, dena lotuta uzteko. Ez dakit diru hori errekuperatzeko baina galdera batzuei erantzun beharko lieketela uste dut.
Beste auzibide bat baduzue.
Beste auzibidea gai administratibo bat da. Demanda sartu ziguten Donostiako auzitegian, esanez erraustegiaren kontratua gaizki eten genuela, erabaki politikoa izan zela, ez teknikoa, ez gaindimentsionatua zegoelako. Donostiako auzitegiak esan zuen egia dela ez zegoela kontratu hori, guk ez genuela eskumenik apurtzeko eta erabaki politiko bat izan zela. Guk horri helegitea sartu genion eta Euskadiko Auzitegira joan zen auzia. Handik atera zenean, sententzia atera zen esanez baietz, GHK-rena zela kontratua apuartzeko eskumena, baina erraustegia gaindimentsionatua egon arren, guk erraustegiaren kontratua puskatu genuela, ez gaindimentsionatua zegoelako, baizik eta hondakinen kudeaketa eredu hori ez zaigulako gustatzen, erraustegiak ez zaizkigulako gustatzen. Hondakinen kudeaketaren gaineko erabakiak Batzar Nagusiei zegozkiela, ez GHK-ri. Eskumen kontua da, orain Auzitegi Gorenean dago. Hor ebatziko dena da, zeini zegokion kontratu hori apurtzea eta zergatik apurtu zen. Erakundeen artean, askotan gertatzen dira halakoak. Baina ez du inolako ondorio kaltegarri edo penalik. Halere epai honek indartzen du defentsa hori, esaten baitu zilegia dela erabaki politikoa izatea ere. Gu hauteskunde batzuetara aurkeztu bagara esanez erraustegia gelditu egingo dugula, zilegia dela gero gelditzea. Jendeak bozkatu gaituela horretarako eta are gehiago, ekonomikoki kalteak sortuko dituenean. Orduan epai horrek ere are gehiago babestuko gaitu.
Aipatu izan duzue, zuen aurkako salaketarekin mezu argi bat bidali nahi izan zaiela herritarrei; erraustegiaren atzean dagoen negozioa ukiezina dela alegia. Zure ustez epai honek ukiezintasun hori hautsi du?
Horrelako proiektu eta makronegozioak oso oso blindatuak daudela pentsatzen segitzen dut. Baina epai honek herritarrok elkarrekin lan egiten badugu, horrelako makroproiektuen aurrean ere erabakiak har ditzakegula babesten du. Proiektuok ukiezinak bilakatu nahi dituzte baina azkenean beti daude zirrikituak. Guk momentu oro erabakiak hartu genituenean oso oso erabaki zorrotzak, sendoak eta ondo landuak izan ziren, juridikoki eta ekonomikoki oso ongi aztertuak.
Irailaren 23an Zubietan egin zitzaizuen eskertza ekitaldian, arbaso zubietarrak dituzula aipatzen zenuen. Zuen epaia ezagutzera eman zen goiz berean baieztatu zuen Espainiako Gobernuak, espetxea ere eraikiko dela. Zure amonaren etxea, Zubieta, nola ikusten duzu?
Ikusten ari gara nola jokatzen ari diren bai Donostiako EAJ-PSE udal gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Halako ingurune natural bat babestu eta altxor moduan tratatu ordez, nola txikitzen ari diren. Eta Donostia etxebizitzez masifikatzen, hotelak nonahi irekitzen... Argi dago zein den beraien kudeatzeko modua. Badakigu azkenean Loiolako kuartel zaharra edo Martuteneko espetxea Zubietara eramaten badituzte, Martutene edo Loilako orube horretan milaka eta milaka etxebizitza egin nahi dituztela. Hori da beraien eredua. Gune naturalak txikitu, hiriguneak etxebizitzez bete, eraikuntza, zementua sartuz leku guztietan, eta azkenean, lehen aipatu dudan horretara bueltatzen gara. Hortik mesedetuak edo aberastuak betikoak ateratzen dira; enpresak, banketxeak… Azkenean pastela berdinen artean banatu nahi dute, herritarron mesedetan egin ordez.
“Behin geratu zen, bigarrena ere gera daiteke herritarrok hala nahi badugu”
Etsipen puntua bada kalean. Urriaren 27rako manifestaziorako deia suspertu dezake epai honek?
Bai nik behintzat esperantza hori dut. Uste dut bazegoela etsipen puntu bat. Bai 2013an gelditu genuen erraustegia, baina bigarrena eraikitzen ari dira. Eta gainera geratu zenutenok baduzue etorkizuna nahiko ilun, nahiko beltz. Orduan zein jarriko da horrelako ardura baten aurrean hurrengo erraustegiarekin erabakiak hartu behar direnean? Hori da pixka bat transmititu nahi ziguten mezua. Eta honek guztiak ematen duena kontrakoa da. Gauzak ondo egiten badira eta txukun lan egiten bada, beti aipatzen dut gauza bera; herritarrok benetan nahi badugu, herritarrok geldi dezakegu bigarren erraustegia eta geldi ditzakegu hainbat eta hainbat proiektu. Baina horretarako ezin dugu etxean geratu. Gure dirua, gure osasuna, gure ingurumena jokoan baldin badago, denoi dagokigu kalera irten eta honaino iritsi garela esatea. Epai honek horretarako indarra ematen digu. Behin geratu zen, bigarrena ere gera daiteke herritarrok hala nahi badugu.
Deialdi ezin garrantzitsuagoa urriaren 27koa, are gehiago erraustegiaren aurka dauden eragileak bateratu diren honetan?
Hori funtsezkoa dugu. Hitz egiten dudan bakoitzean beti esaten dut, helburu amankomun bat baldin badugu, denok elkarrekin egin behar dugu. Zaila izango da, ez da batere erraza izango eta urteotan erakutsi digute. Argi dugu batzuk modu batera ikusiko dutela edo planteatuko dutela borroka hau, beste batzuk beste era batera. Baina modu bakarra da denok bat egin, helburu amankomun horren mesedetan eta denok batera atera kalera eta ez etxe zuloan geratu. Herritarrok daukagu indarra, hitza eta erabakia horretarako.