Haur eta gaztetxoei zuzendutako hitzordu ugari asteburu honi begira. Ziortzakoen ikasturte hasiera, malabare tailerra ludotekan, Gaztelekuak Mundualdi egunez antolaturiko ginkana, eta Aginagan, "Zure ametsetako gela" ekimena.
Malabareak ludotekan
“Ikusi eta ikasteko!” malabare tailerra antolatu du Bihurri ludotekak ostiral honetarako, urriaren 19rako arratsaldeko 17:30etan.
Ziortza, ikasturte berrira begira
Abiatzear du Ziortza G.E.-k ikasturte berria. Lehenengo saioen ordutegiak ere finkatu dituzte:
-DBH 1-2: urriak 19 (ostirala), 20:00.
-DBH 3: urriak 19 (ostirala), 20:30.
-DBH 4: urriak 26 (ostirala), 21:00.
-Jubenilak: urriak 19 (ostirala), 21:00.
“Zure ametsetako gela”
Izenburu horri lotutako doako tailerra antolatu du Aginagako San Praixku Guraso Elkarteak urriaren 20rako 10:00etan Aginagako ludotekan, 5-12 urte artekoentzat. "Kraftkovia formakuntzarako egitasmo bat da. Hainbat ekimenen bidez, parte hartzailearen sorkuntza gaitasunak garatzeko helburua duena". Izena aurrez eman beharko da, aginaga@eskolatxikiak.orghelbidean. Antolakuntzak ohartarazi duenez, plaza kopuru mugatua izango da.
Gaztelekukoak Mundualdian
Larunbateko Mundualdiaren baitan, arratsaldeko 16:00etan hasita, ginkana antolatu du Gaztelekuak.
“Harremanetan jarriko dugu arreta eta gai hori jolasen bitartez landuko dugu”. Gaztelekuko kideek ginkana bat prestatu dute. “Bost gune izango ditu eta herrian zehar sakabanatuta egongo dira. Gune guztiek kulturartekotasunarekin lotura izango dute”.
Horrelako prozesuek gugan sortu ditzaketen emozioetan erreparatu nahi dutenez, modu honetan izendatu dituzte bost guneak: Beldurra, Kuriositatea, Gaitzespena, Jabekuntza eta Migrazioa. “Toki bakoitzean, gai horri lotutako jolas txiki bat egingo dute”. Modu ludikoan, hausnartzeko aukerak eskaini nahi dizkiete gazteei.