Larunbateko Mundualdi egunaren bezperan Tadamun aurkeztuko dute jendaurrean ostiral honetan, urriak 19, 19:00etan Sutegin. Denbora tarte batean lantzen aritu diren proiektua gizarteratuko dute. “Elkartasuna, hori esan nahi du Tadamunek eta hori bultzatzea eta lantzea da bere nahia. Badira hilabete batzuk gai honen inguruan gaur Tadamun osatzen dugunok hausnarketa bat egin genuela eta herrian internazionalismoari begira hutsunea zegoela iruditu zitzaigun. Gogoz eta ilusioz ekin genion proiektu honi eta plazaratzeko momentua iritsi dela uste dugu”, adierazi diote Tadamun-eko kideek NOAUA!-ri.
Taldeak bideratu asmo duen jardunaren ardatz nagusiak aurreratu dizkiote aldizkari honi. “Alde batetik herrien errealitate ezberdinak ezagutuz gure buruak elikatu eta beraiekiko elkarlana sustatu. Horretarako hitzaldi ezberdinak ekarriko ditugu herrira, solasaldi ezberdinak, mahai inguru ezberdinak. Beste alde batetik, Usurbilen munduko beste herrietatik bizitzera etorri diren pertsonekin harremanak egin, sendotu eta guztion elkargune izan nahi du Tadamunek. Sortu daitezkeen nahi eta beharrei erantzuna eman eta horrela Usurbil inklusibo eta integratzailea sortzen ere gure indarrak jarri nahi ditugu. Herrien eta herrietan bizi diren pertsonek saretzen dutelako etorkizuna eta guk pertsona aske eta parekidez osatutako mundua nahi dugulako”.
Hasteko, Txiapaseko berri
Mundualdia jaialdiaren bezpera hautatu dute Tadamun aurkezteko, “bertan txertatuz bertan egiten den lan zoragarriari gure aletxoa jarri nahian”. Aipatu moduan, ostiral honetan (urriak 19) egingo dute agerraldia 19:00etan Sutegin. Eta segidan, Xabier Yurramendi urnietarra gonbidatu dute kultur etxera. “Txiapasen giza-eskubideeen begirale egondakoa da eta bere esperientzia zein bertako egoera azalduko dizkigu, brigada horietan egiten den lana esplikatuz eta suertatzen diren galdera guztiei erantzuna emanez. Guztiok Xabiren esperientziak ezagutu, partekatu eta gure artean solasaldia izateko bertan ikusiko garelakoan, animatu!”.
Taldeari buruzko berri gehiago, Twitterreko kontu honetan: @tadamun_herriak