Sorterri guztien Mundualdia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 19a, 10:38

Sorterri guztietako herritarren topagunean bilakatuko da larunbat honetan (urriak 20) Usurbil. Kultura-aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza. Balio horiek sustatzeko jaio zen Mundualdia Festa. Laugarren edizioan, helburu berberak bultzatzeko gogoz dira antolaketa batzordekoak. “Aniztasunak aberastasuna baitakar gure herrira; ez, ordea, mehatxua”.

Munduko koloreak eta zaporeak nagusituko dira larunbat honetan. Ghana, Mauritania, Italia, Kuba, Nigeria, Euskal Herria, Sahara, Honduras, Errumania, Pakistan edota Nikaraguako herritarrek beren adierazgarri kulturalak erakutsiko dituzte frontoian. “Herri anitza garela aldarrikatzetik, mundu bat garela erakustera. Biltzera”. Josune Estella udal zinegotziaren esanetan, “Mundualdiak guztion aterpe izan nahi du”.

Bi norabideko elkar-ekintza

Gurera etorri diren herritarrak, bizitza berri bati ekin nahi dioten gizabanakoak direla dio Estellak: “Pertsona horiek iragana dute. Kultura bat, hizkuntza bat, eta erlijio bat. Eta ez dute zertan abandonatu”. Mundualdiak plaza egokia eskaintzen die, “gainerako usurbildarrok ezagutu ditzagun. Haien hizkuntza, kultura, jakiak, arropak, dantzak, ohiturak... gurekin parteka ditzaten. Arrotza eta ezezaguna zaiguna, ezagun bihur dezagun. Etxeko. Elkarrengandik asko dugu ikasteko. Partekatzeko. Baina, berdinetik berdinera”. Josune Estellaren esanetan, denen ahalegina beharrezkoa da, “elkar aitortzeko. Haiek gu, eta guk haiek. Bi norabideko elkar-ekintzan. Gurea eurena ere badela sentiaraztea; eurena albo batera utzi gabe, noski”.

Ginkana bat, hausnarketa sustatzeko gazteen artean

Nerabe eta haurrentzako ekitaldirik ere izango da urriaren 20an. “Beraiek ere egun honetan tokitxo bat izateko”, Gaztelekuko Saioa Aginako hezitzaileak azaldu zuenez.

“Harremanetan jarriko dugu arreta eta gai hori jolasen bitartez landuko dugu”. Gaztelekuko kideek ginkana bat prestatu dute. “Bost gune izango ditu eta herrian zehar sakabanatuta egongo dira. Gune guztiek kulturartekotasunarekin lotura izango dute”.

Horrelako prozesuek gugan sortu ditzaketen emozioetan erreparatu nahi dutenez, modu honetan izendatu dituzte bost guneak: Beldurra, Kuriositatea, Gaitzespena, Jabekuntza eta Migrazioa. “Toki bakoitzean, gai horri lotutako jolas txiki bat egingo dute”. Modu ludikoan, hausnartzeko aukerak eskaini nahi dizkiete gazteei.

MUNDUALDIA

Urriak 17-22

Erakusketa Sutegin: "Munduko hizkuntza gutxituak etxean. Zer dugu elkarrengandik ikasteko?” Garabideren eskutik.

Urriak 20 larunbata: Mundualdiaren festa

12:00 Alkatearen agurra. 

Ondoren, Eskola dantza taldearen emanaldia.

13:00 Jakien dastaketa.

16:00 Gaztelekuaren ekimena: Usurbilgo haur eta gazteekin kulturarteko jarduera.

19:30 Olana Liss taldearen kontzertua, frontoian.

Urriak 21 igandea

18:00 “La mochila invisible” dokumental proiekzioa Sutegin, Bidez Bide elkartearen eskutik.

Antolatzaileak: herritar talde bat eta Usurbilgo Udala.

 

https://youtu.be/_Aoy31wI2bE

https://youtu.be/aQVjpLxUcyQ

https://youtu.be/4ryvNghNfJY

Urriaren 22ko Mundualdia iruditan:

Argazkitegia

NOAUA TB