Usurbildik "Orain presoak" dinamikak larunbatean Donostian deituriko manifestaziora joateko gonbita

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 19a, 10:02

Babes zabala jasotzen ari da, Sarek larunbaterako (urriak 20) Donostiako Miramarren elkarbizitzaren alde deitu duen ekitaldia eta segidan egingo den manifestazioa. Gogoan izan, "Orain presoak" aldarripean egingo den mobilizazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik. ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE sindikatuek eta EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV alderdiek bat egin dute, orain arte egin den manifestazio anitzenarekin. 

Gizarte zibilari gonbita luzatzen diote antolatzaileek, "gizarte zibilaren aktiboa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko".

Iraila amaierako euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzean, Usurbildik ere mobilizazio honekin bat egiteko deia egin zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.  "Hiriburuko kaleak zabalduko dizkio euskal gizartearen borondateari. Manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Gaur hemen zaudeten guztioi, euskal gizarteari, eragile politiko eta sindikalei. Pauso bakoitza ezinbestekoa da, gutariko oro ezinbestekoa da", adierazi zuten iraila amaierako elkarretaratzean Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, Donostiara joateko gonbita luzatzearekin batera.

Larunbateko manifestazioaren helburua, "Espaniar estatua interpelatzea da eta pausuak egin ditzan presoen auzian eskatzea. PSOE-ko gobernamendu berriak  hainbat deklarazio egin zituen uda aintzin presoen hurbilketeri buruz. Geroztik soilik 3 preso mugitu dituzte Euskal Herritik 200km baino gehiogotara dauden Zuera eta Logroñoko presondegietanetara eta ez Euskal Herriratu Zaballako presondegira galdetua den bezala. Gaineratu nahi dugu hauetariko 2 gaixorik diren presoak izanik aske egon behar luketela".

Testuinguru honetan, "ez dira hauek Euskal Herriak itxoiten dituen pausoak. Espaniar estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean haren ardurak hartu behar ditu. Inoiz baino gehiago mobilizatzea garrantzitsua da. Aieteko nazioarteko deklarazioaz geroztik, egindako bidea eta eta prozesuaren garapena, mobilizazio sozialari esker izan da eta lorpen garrantzitsuetara ereman gaitu. Hala nola Euskal Delegazioaren eta Frantses Justizia ministroaren  elkarrizketa espazioa irekitzea eta hortik lehen pausoak martxan jartzea".

DATOZEN DEIALDIAK

Urriak 20, larunbata

17:00 "Orain presoak" manifestazioa Donostian, Antiguako tuneletik.

Deitzailea: Sare herritarra. 

Informazio gehiago: sare.eus

Urriak 26, ostirala

20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Argazkia eta bideoak: sare.eus

https://youtu.be/xrnsJr-T_zU