Sorterri guztietako usurbildarren elkargune eta herrien arteko elkartasuna sustatzeko talde gisa aurkeztu berri du bere burua Tadamunek, larunbateko Mundualdia jaialdiaren testuinguruan, jendaurrean Sutegin egin duen aurkezpenean. Internazionalismoaren arloan, herrian zegoen hutsunea betetzera dator arabieraz elkartasuna esan nahi duen bilgune berria.
Bi lan ildo nagusi jorratuko ditu Tadamunek. Batetik, beste herrietako bizimodu, errealitate, hamaika borroka herrira ekarri nahi dituzte. Talde, bolondres, brigadista eta abarren lekukotzak, hitzaldi, mahai-inguru ezberdinen bidez. Baina haratago joan nahi du bilguneak. "Usurbil inklusiboago baten lanketan" gaur Sutegin ziotenez, "kanpoko gatazka eta dauden bizitzeko modu ezberdinetaz elikatuz" gaineratzen zutenez, "hor aurkituko dugu kanpotik datorren jendearekin enpatizatzea. Eta hor, Tadamun elkargune bat izatea nahi dugu. Asistentzia juridikoa eta babesa ematen duten beste elkarte batzuekin harremanetan gaude. Gure ilusioa, etorkizunean, kanpotik etorri den jendearekin harreman bat egin eta Tadamun denon elkargunea izatea litzateke".
Taldea Twitter bidez jarras dezakezue, helbide honetan: https://twitter.com/tadamun_herriak