EITB-k Bilbon duen egoitzan egiten ari diren TOKIKOM jardunaldien baitan, TOKIKOM Sarien hirugarren edizioa ospatu berri dute astelehen goiz honetan. Tokiko hedabideetako azal, eduki, ikus-entzunezko eta euskarazko iragarkirik onenak saritu dituzte.
Edukien atalean, NOAUA! izan da finalistetako bat, urte hasieran Joxan Artze zendu berritan kaleratu genuen "Joxan Artze gogoan" izeneko gehigarriagatik. "Bi kazetariko erredakzio batek 16 orrialdeko gehigarri osatu eta txukuna landu zuen oso egun gutxiko tarteaz (Artze hil eta bost egunera kaleratu zen gehigarria), beste behin ere, tokiko ikuspegitik interes orokorreko ekarpena eginez", adierazi du epaimahaiak. Oroigarria Bilbora bertaratu den NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregaraik jaso du.
NOAUA! bigarrenez izan da finalista Tokikom Sarietan. 2016an ospatu zen lehen edizioan, eduki onenaren saria jaso zuen urte hartako Sagardo Egunaren bueltan, Udarregi bertsolariaren omenez frontoi atzean dagoen eskulturaren 50. urtemugaren harira NOAUA!k argitara emandako "Udarregiren omenez, 1966-2016" gehigarri bereziagatik.
Kategoria honetako saria, Bizkaiko Hego Uribeko Geuria hedabideari eman diote. Segidan duzue, 2018ko TOKIKOM Sarietako hautagai eta sarituen berri:
TOKIKOM SARIAK 2018
Hautagaiak
-Azalik onena: "Porrotx" (Puntua), "Legez kanpoko pergoikadak" (Hiruka) eta "80 urte bonbardatu gintuztela" (Geuria).
-Edukirik onena: Joxan Artze gogoan gehigarria (NOAUA!), 2016ko kintoetan Altsasun gertatutako erasoaren epaiaren jarraipena (Guaixe) eta "Berba eta irudia" (Geuria).
-Ikus-entzunezkorik onena: "Umeterapia" (Hiruka), "Barru: futboletik haratago" (Goiena) eta "Kuxkuxin: Bizkargi Musika eta Dantza Eskola" (Maxixatzen).
-Euskarazko iragarkirik onena: "Egin swing eta ahalegin" (Arrasateko Udala+Arteman Komunikazioa), "Ongi etorri euskarara" (Udal Euskaltegien kanpaina) eta URA agentziaren gabonetako agurra.
Sarituak
-Azalik onena: "Porrotx" (Puntua).
-Edukirik onena: "Berba eta irudia (Geuria).
-Ikus-entzunezkorik onena: "Umeterapia" (Hiruka).
-Euskarazko iragarkirik onena: "Egin swing eta ahalegin" (Arrasateko Udala+Arteman Komunikazioa).
Hautagai eta sarituen gaineko xehetasunak ondoko esteka hauetan:
TOKIKOM-SARIAK-2018.-PUBLIZITATE-EPAIA.
TOKIKOM-SARIAK-2018.-KAZETARITZA-EPAIA.
https://youtu.be/7Ll6IzjrAsw
https://youtu.be/l8ibl0QZ-4Yç
https://youtu.be/ZigbBAM_m50