GuraSOS: "Larunbatean hitzordu garrantzitsua dugu Donostian"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 23a, 13:00

Garai batean eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoen, baita gaur egun Zubietan eraikitzen ari direna ere. %110eraino gaindimentsionatua dagoela adierazi du GuraSOSek gaur agerraldi bidez Donostian. Hitzartu prozesuaren testuinguruan, 2019-2030 urte arterako aditu talde bat erredaktatzen ari den Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren lehen faseen ondorioak aurkeztu dituzten hitzorduan, hiriburuan bertan lau egun barru deitua dagoen manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

Gogoan izan, eragile anitzek erraustegia geratzeko manifestazio bateratua deitu dute larunbat honetarako (urriak 27) 17:00etan, Donostiako Amara auzoko Mendeurren Plazatik. Deitzaileen artean da GuraSOS ere. 

"ERRAUSTEGIA GERATU!": urriaren 27ko manifestaziorako deialdia

Gaur, Gipuzkoako hainbat eragile elkartu gara. Herritarroi mobilizazio jendetsu baterako deialdi bateratu bat luzatzera gatoz. Helburua: Gipuzkoako erraustegia gelditzeko eskatzea.

Gizartea anitza da eta deialdi hau ere horren lekuko. Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu, eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitzak daude. Baina aldarrikapenean, deitzaile guziok bat egiten dugu. Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean; ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea... Baina bada arrazoi bat gizarte osoak partekatu dezakeguna: Garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako, sinatutako kontratuari ez! Osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenetsi! Erraustegia gelditu orain! Kontratua eten!

Horregatik guziagatik, eta agintean daudenak, herritarron nahia kontutan izan behar dutelako, aldarrikapen hau ozen entzun dadin, gaur hemen batu garen taldeok, hots Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta "No +Precariedad"-ek, urriak 27, larunbata arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuta, "Erraustegia gelditu!" lemapean manifestazio baterako deia zabaltzen diegu herritar guziei.

Azken urte honetan, 2018an, eta arrazoi ezberdinak tarteko (osasuna, ingurumen baimenak, jasangarritasun ekonomikoa, legediaren errespetua, ...), atzerriko herrialdeetan, gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte. Eta estatu mailan beste 4.

Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude! Gure etorkizunak eta ongizateak merezi duelako, gipuzkoarrok kalera atera behar dugu, erraustegia gelditu! exigitzera.