Pentsio duinen aldeko mobilizazioa 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 25a, 06:24

Pentsio duinen alde mobilizatzera deitu dute ostegun honetarako, urriaren 25erako, Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etarako finkatu dute Mikel Laboa plazan.

Pentsiodunen martxa

Gipuzkoako Pentsiodunen Birarekin bat eginez, pentsio duinen aldeko martxa egin zuten urriaren 4an Usurbildik Lasartera. Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek deituta, Ingemarretik abiatu, Kaxkoa zeharkatu eta Kalezarretik Troiara jaitsi eta N-634 errepidea zeharkatuz, Lasarterantz jo zuten.

Bidean, iragarria zuten moduan, hainbat geldialdi egin zituzten; lehenengoa Usurbilgo udaletxean. Bizi duin baten aldeko eskaerak biltzen zituen gutuna helarazi zioten Usurbilgo alkate Xabier Arregiri, udalbatzak aztertu eta bozkatu dezan.

Troian egin zuten bigarren geldialdia, N-634 errepideko zonalde honetako pasabidean, herriko puntu beltzetako batean. Puntu Beltzik Ez! Usurbil seguru eta jasangarriaren alde lanean diharduen herri plataformak, aipatu martxarekin bat egin eta bilgune honen aldarria N-634 errepidera zabaldu zuten; errepidea moztu zuten.

Irudiotan jaso genuen urriaren 4ko martxa:

Urriaren 4ko pentsiodunen martxa

https://youtu.be/_3yPn28-_1A

https://youtu.be/RltMFHOPHco