"Bat egiten dugu gizarte sektoreen aniztasunetik deitutako erraustegiaren aurkako manifestazioarekin eta deia zabaltzen dugu langileok ere batu gaitezen guztion eginkizuna den erraustegia gelditzearen olatura, ez baitezagun ahantz oraindik garaiz gaudela eta posible dela", azpimarratu dute, erraustegia geratzeko larunbaterako, urriaren 27an Donostian deitutako manifestazioarekin bat egin duten sindiaktuek.
Gara eta Berria egunkarietan argitaratu duten ondoko artikulua ekarri digu tarte honetara. Segidan duzue bere osotasunean:
Langileok erraustegia gelditu! Badago alternatiba
Langileok ere urriaren 27an urrats bat egingo dugu gure ekoizpen, kontsumo eta hondakin kudeaketa sistema erabakitzeko bidean. Erraustegia gelditzeko eta zabor bilketa sistema iraunkor baten aldeko erabaki irmoa hartu dugu Euskal Herriko langileon gehiengoak, gure osasuna, ingurumena, lana, eskubideak eta etorkizuna jokoan dauden honetan.
Ekoizpen eta hondakin zikloa ixtea lortzen duela diotenen urgentziazko erabaki ez-demokratikoa izan da Zubietako lurra zulatu duena eta etorkizunean arnastu beharko duguna. Ez zaizkigu proiektua bertan behera uzteko arrazoiak falta: osasuna, ingurumena eta herritarron interesak jarri ditugu erdigunean. Politikagintza neoliberalak sinatutako kontratu ustelak azalarazi dira, nahiz eta hauek eteteko bide demokratiko, juridiko eta politikoak oztopoz josiak topatu. Interes pribatuak zigorgabe diren mende honetan, erraustegiaren —oro har, makro proiektu txikitzaileen— kalte eta ondorioak sozializatzen diren aroan gaude. Erraustegia eraikitzen ari badira ere, Gipuzkoako Diputazioko kargu publiko ohiek berriki jasandako erasoaren aurrean epaitegiek arrazoia eman dien honetan, gaur langile eta herri borroka ez da bukatu, posible baita erraustegia gelditzea.
Botere hegemonikoen garapen lerroarekin hemen sinatzen dugun langileok ez dugu bat egiten. Zaborren kudeaketari dagokionez, etorkizunera begiratu eta alternatiba errealak, osasuntsuak, ingurumenarekiko errespetuzkoak eta iraunkorrak, parte hartzaileak eta sozialki justuak badaudelako. Alternatiba horiek zaborren balorizazio energetikoaren ekarpenaren justifikazioa eraisten dute. Europak markatzen duen energia trantsizioak ekonomia lineala amaitzea bilatzen du zirkularraren alde, horretarako kudeaketa hierarkia ezarriz. Hierarkiaren behealdean zaborren kudeaketa eredu lineal zaharkituari dagozkionak daude: azken aukeratzat zabortegiak eta azken-aurrekotzat errausketa. Noiztik erantzuten dio sortu-erabili-bota ereduak ekonomia zirkularrari?
Errausketatik lortzen den energiari erreparatzen badiogu, botere hegemonikoak errausketa eredua sostengatzeko duen arrazoirik pisuzkoenari alegia, hainbat gauza komeni da kontuan izatea. Bata, erraustutako tona bakoitzeko %20k amaitzen duela metal astundun errauts bereziki kutsagarri izaten. Bestea, errausketa sistemak berotegi-efektua eragiten duten gasen ekarpena %78eraino areagotzen duela, eta ulertezina dela energia berriztagarrien iturritzat lehenestea errausketatik ateratako energia. Eta azkenik, Zabalgarbiren adibiderik hurbil eta gordinenera joaz, urteko aitortzen zaion balorizazio gaitasuna ez duelako inondik inora ere betetzen.
Honekin guztiarekin azpimarratu nahi dugu botere hegemonikoen hondakinen politikak indarra ez duela jartzen ekonomia zirkularrak lehenetsitako ingurumena zainduko duen prebentzio eta kudeaketa ereduetan. Ezta herritarron interesei erantzuten dion politika ekonomiko baten alde ere, erraustegiaren barruan politika pribatizatzaileak nagusitzen baitira. 1.000 milioiraino iristea aurreikusi den kostu totala du proiektuak, 32 urtez zorpetuta herritarrak, ustiaketaz harago hileroko irabaziak bermatu behar baitizkiete gipuzkoarron poltsikoek enpresa pribatuei. Gainera, enpleguaren sorrerari dagokionez, hobe da materia organikoaren gaikako bilketaren aldeko apustua egitea, lanpostu gehiago sortzen baitute. [...]
Zubietako erraustegia gelditzea posible dela berresten diguten argumentuak ez zaizkigu falta, ezta, arrazoi ezberdinak direla medio, errausketaren politikari mugak jartzea lortu dutenen adibide errealak ere: Bartzelonan eraikitzekotan ziren erraustegia, Valdemingomezen itxiera, Madrileko Loecheseko planta, Huescako proiektuaren geldiaraztea, Asturiaseko ezezkoa errausketari, Castellongo Alcorako plantaren itxiera, Italia osoan hartutako erabakia, Mexikoko udal gobernu berriaren ezezkoa, Txinan herritarren protestek geldiarazitako hiru erraustegiak, Irlandako plantaren itxiera, Islandia, Ingalaterra, Kroazia, Eslovenia, Argentina, Frantzia, Sydney, Kalifornia, Florida eta oraindik etorriko diren garaipen guztiak.
Hemen bat egiten dugun langile guztiok benetan sinisten dugun bizitza eta garapen ereduaren alde egiten jarraituko dugu, etorkizun iraunkorra eraikiz joateko. Sindikatuek bizitza, osasuna eta ingurumena erdigunean jarriz eredugarri izaten, eguneroko praktikatik eta txikitasunetik eraginez; gure esparruetan, lantokian, kalean eta etxean interpelatuz eta alternatibak egikarituz eragiten, hori delako langileon eginkizuna. Horregatik guztiagatik bat egiten dugu gizarte sektoreen aniztasunetik deitutako erraustegiaren aurkako manifestazioarekin eta deia zabaltzen dugu langileok ere batu gaitezen guztion eginkizuna den erraustegia gelditzearen olatura, ez baitezagun ahantz oraindik garaiz gaudela eta posible dela.
ARTIKULU HONEN SINATZAILEAK HONAKO HAUEK DIRA: Ainara Plazaola Ugarte (ELA), Maddi Arrieta Laka (LAB), Jesus Mª Garcia Garcia (CCOO), Lorena Ramos Gonzalez (ESK), Iban Albizu Alvarez (Steilas), Garikoitz Nazabal Etxabe (EHNE) eta Biktor Galarza Mendiola (Hiru)