Abisu horian 18:00ak arte, prezipitazio iraunkorrengatik

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 29a, 08:00

Igandeaz geroztik abisu horian gara prezipitazio iraunkorrengatik. Hala segiko dugu astelehen honetan ere, arratsaldeko 18:00ak arte. Tarte honetan, "24 orduan 60 l/m2 baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait lekutan", Euskalmet meteorologia agentziatik iragarri dutenez.

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Urriak 29, astelehena

"Astelehenean zerua estalita egongo da eta ia etengabe egingo du euria, batez ere ipar isurialdean; zaparrada mardulak botako ditu eta pilatutako litro kopurua esanguratsua izango da. Goizean goiz elur-kota 600-800 m artean kokatuko da, baina prezipitazioa iraunkorra den lekuetan maila baxuagoan ere zuritu dezake. Negu giro gordina eta ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, giroa are gehiago mikaztuz. Arratsaldeak aurrera egin ahala, egoera zertxobait baretuz joango da; haizeak indarra galdu eta mendebaldera egingo du, elur-mailak gora egingo du, 1000 m-tik gora kokatu arte, eta atertuz joango da. Egunaren azken orduetarako ia denean atertuko du".

Urriak 30, asteartea

"Asteartean, haizeak hegoaldera egingo du eta hobekuntza nabarmena espero da; hodeitza saretuago eta tenperatura zertxobait igoko da. Hodeiguneak ugariagoak izango dira arratsalde partean eta baliteke zaparrada isolatu batzuk botatzea barnealdean. Kostaldean argiuneak ugariagoak izango dira eta zonalde honetan tenperatura 15 ºC-tik gora koka liteke; gainerako lekuetan ere gorakada antzemango da. Bestalde, goizaldean hotz egingo du, eta Araba eta Nafarroako txoko askotan izotza egingo du, batez ere mendi bailaretan".

Urriak 31, asteazkena

"Euritarako egongo da eguraldia. Euri giroa nagusituko da denean, etengabe egingo du, eta egunaren amaierarako pilatutako litro kopurua esanguratsua izango da. Tenperaturak behera egingo du eta eguneko maximoek ez dute 10-12 ºC-ko muga gaindituko; alabaina, egunsentia ez da hain hotza izango eta ez da izotzik espero. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da eta egunaren amaierarako hegotik finkatuz joango da".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus