Espainiako Kontu Auzitegiak 2013an eraikitzekoak ziren Zubietako erraustegia geratu izana ez zela delitua izan adierazi zuen hilabete hasieran. Honenbestez, Madrilgo epaitegi honek errugabetu egin zituen, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) EAJ eta PSE-ren agintariek salatu eta joan den apirilean epaitu zituzten garai hartako EHBilduren bi ordezkariak, Ainhoa Intxaurrandieta (GHK-ren lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkin (ingurumeneko foru diputatu ohia). Gogoan izan, bi ordezkari politiko hauei euren poltsikoetatik 46 milioi euro inguru ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE-ren egungo agintariek, 2013an Zubietako erraustegia eraikitzea geratzea erabaki izanagatik.
Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten joan den astean EAJ-k eta PSE-k, hedabide ezberdinen arabera. Helegitea jartzeko proposamena, astelehen honetarako (urriak 29) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri duen ezohiko batzarrera eraman asmo dute. Proposamena onartuko balute, helegitea aurkeztuko diote Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari.
EHBildu: “Mendekuaren bidean jarraitzea guztiz ulertezina eta arduragabea litzateke”
Epaia ezagutu berritan egin bezala, GHK-k helegitea jar dezakeela jakin ostean, Gipuzkoako EHBildutik “mendekuaren bidean jarraitzea guztiz ulertezina eta arduragabea litzateke” adierazi dute, EAJ eta PSE-ko agintariei buruz. Ohar bidez nabarmendu dutenez, “sententziak dioen moduan, kudeaketa arduragabe horren hainbat erantzulek egun kargu instituzional eta politikoak dituzte”. Testuinguru honetan, “EHBidutik argi esan dugu aurrerantzean ere gipuzkoarren interesen defentsa izango dela gure eguneroko jardunaren zutabe. Mehatxu politikoen gainetik adostasuna zein gipuzkoarren hitza izango direla gure politika jardunaren ardatz; birgaitze demokratikoaren beharra geroz eta handiagoa baita. Eraso guztien gainetik aldaketa horren alde gehiengo politiko zein sozialak eraikitzen jarraituko dugu etorkizunean ere”.
Epaiak erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortu zuen
Gogoan izan, aipatu auzitegi honen epaia, Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetzeaz gain, haratago doala. Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela dio argi, berriki Ainhoa Intxaurrandietak NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketan nabarmentzen zuen moduan.
"Epaia bere osotasunean izan da harrigarria. Guk ondo egin genuela eta arrazoi genuela dio... Gaiari heltzen dio. Guk maneiatu genituen argudio guztiak ontzat ematen ditu. Batetik, erraustegia gaindimentsionatua zegoela dio. Esaten du erraustegia ez zela bideragarria, niretzat hori da klabea. Ez bada bideragarria, ezin zen eraiki. Eta guk hori egin genuen. Gainera, erraustegia geratu izanaren ondoriozko diru horren galeraren arduraduna zein den zehazten du. Guk egin genuen gauza bakarra, besteek egindako okerra zuzentzen saiatzea izan zela esaten du. Orduan, diru galeraren ardura aldez aurretik gaindimentsionatua zegoen proiektu bat ontzat emandakoak duela. Jakinda gainera gaindimentsionatua zegoela, epaiak dioenez", Intxaurrandietaren esanetan.
Bere adierazpenak osorik, ondoko estekan: http://www.noaua.eus/2018/10/18/ainhoa-intxaurrandieta-guk-bagenekien-ondo-jokatu-genuela/