Zumbathoi solidario eta arrakastatsua

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 29a, 08:04

Dantza batean jarri ditu herritarrak beste behin, oraingoan helburu solidario baten bueltan. Diabetesa duen alaba txikia zaintzen lagundu eta horretarako espresuki hezitako txakurra etxeak eragingo dituen gastuei aurre egiteko zumbathoi ekimena antolatu zuen urriaren 27an Betisa Carrasco usurbildarrak. Hainbat eragileren laguntzaz aurrera eramandako hitzorduan, zumba dantzatuz laguntza bildu zuen alabarentzat. “Hau dena posible egin duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Eskerrik asko denoi!”, adierazi du Carrascok sare sozialen bidez.

Diabetesaren aurkako borroka

Hitzordu honi begira salgai jarriko dituen sarreretatik bildutako diruarekin alaba lagundu nahi du. Joan den udaberrian alaba txikiari diabetesa detektatu zioten. Ordutik, “gau oso bat lo egin gabe daramat”. Goizaldean iratzargailua hirutan jartzen duela aipatu digu. Kontua da, diabetesarekin, gorabehera handiak izaten ditu azukrearekin. “Igoerek ez digute hainbeste kezkatzen, ez baitute beheraldiek bezainbestekoeragina”, adierazi dio NOAUA!ri Betisak. Igoerak dituztenean pixa egiteko gogoa edo egarri handia izaten dute. Beheraldiak dituztenean, “zorabioak eta hotzikarak”.

Alabari diabetesa detektatu ziotenean sarean arakatzen hasi zen Betisa. Zaragozan mediku alerta lanak egiten dituzten zakurrak zituen elkarte baten berri jaso zuen. “Haur diabetikoen azukrearen bat-bateko gorabeherak detektatzen dituzte usaimenaren bidez”, azaldu dio NOAUA!ri Carrascok.

Egun, hainbestetan behatzetan ziztatzen aritu behar izan beharrean, sentsore bat jarri diote besoan, makinarekin pasatzeko. “Azukrearen baremoa ematen dio”. Umeak ume diren heinean, askotan besoan duen sentsorea makinan pasatzea ahaztu eta “konturatzen denerako askotan, hotzikarekin izaten da beherakada izan duelako”.

Zaintzaile lanak egiten dituen zakurrak “jakinaraziko lioke, lasaitasuna eman”. Zakur hauetako bat etxera ekarri asmo dute, aipatu Zaragozako elkartearekin eta zenbait familiekin hitz egin eta oso pozik direla jakin ostean. “Lasaitasuna izango da alabarentzat eta guretzat”, adierazi dio NOAUA!-ri Betisak. Haurrari 24 orduetan lagunduko lioke eta guraoei bereziki gau partean. Urte amaierarako etxean izatea espero dute.

Herrikoen laguntza

Bereziki zereginotarako hezitako zakur honek eragingo dizkien gastu nabariei aurre egiten laguntzeko antolatu zuen Betisak, joan den larunbateko bi orduko zumba saio solidarioa. “Ni bezala, instruktoreak direnak etorriko dira dantzara”. Herriko eragile ezberdinen laguntza jaso du baita. Jardunaldian zehar egitekoa zuten hamar minutuko atsedenaldian, Orbeldi D.T.-ko kideek erakustalditxo txiki bat egin zuen. Usurbilgo DYA-k ere lagundu, Hurbilago Elkarteak edari eta frutarekin. Udalak ere bai, egun horretan aurreikusiak zeuden eskubaloi partidak lekuz aldatzen. “Laguntzeko deitu nienean segituan esan zidaten baietz. Babes handia jasotzen ari naiz”, eta eskerrak helarazi nahi dizkie lerrootatik guztiei.

Urriaren 27an Kiroldegira joandakoek aukera ederra izan zuten, zumba ezagutzeko. “Kirol jarduera bat da, dantzatuz dibertitzeko. Kirola eta dantza uztartzen ditu. Klaseak ematen ditu baina niretzat ere terapeutikoa da”, adierazi dio NOAUA!ri Betisak.

Telebista bidez ezagutu zuen zumba. Etxekoek urtebetetzetarako oparitu zioten ikastaro bat Madrilen. “Joan eta gustatu. 6 urte daramatzat eta zoriontsu. Zumba dantzatuz jubilatzea espero dut”, adierazi digu Betisak.