Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) astelehen honetan egin duen ezohiko batzarrean, Espainiako Kontu Auzitegiak urria hasieran kaleraturiko epaiari helegitea aurkeztea erabaki du, EAJ eta PSE-ren ordezkarien aldeko bozkekin. Batzar kideen %55,6-aren babesa bildu dute bi alderdiok.
Jose Ignacio Asensio ingurumeneko foru diputatuaren esanetan, Espainiako Kontu Auzitegiak ez du Euskadiko Auzitegi Gorenaren epaia aintzakotzat hartu.
Gogoan izan, Espainiako Kontu Auzitegiak 2013an eraikitzekoak ziren Zubietako erraustegia geratu izana ez zela delitua izan adierazi zuen hilabete hasieran. Honenbestez, Madrilgo epaitegi honek errugabetu egin zituen, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) EAJ eta PSE-ren agintariek salatu eta joan den apirilean epaitu zituzten garai hartako EHBilduren bi ordezkariak, Ainhoa Intxaurrandieta (GHK-ren lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkin (ingurumeneko foru diputatu ohia). Gogoan izan, bi ordezkari politiko hauei euren poltsikoetatik 46 milioi euro inguru ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE-ren egungo agintariek, 2013an Zubietako erraustegia eraikitzea geratzea erabaki izanagatik.
EHBildu: “Mehatxu politiken gainetik adostasuna zein gipuzkoarren hitza izango direla gure politika jardunaren ardatz”
Burugabekeriatzat jo du EHBilduk Espainiako Kontu Auzitegiaren epaia irakurrita, helegitea aurkezteko EAJ-k eta PSE-k hartu duten erabakia. Aldaketa politikoaren beharra dagoela nabarmendu dute. "Gipuzkoarrek ez dute merezi elkarbizitzaren ordez gatazka elikatzen duen gobernurik. Gaur hartu duten erabakiak argi erakusten du aldaketa politikoa ezinbestekoa dela Gipuzkoan. Gipuzkoarren interesak defendatuko dituztenen aldeko aldaketa politikoa", EHBilduren esanetan.
Orain arte bezala, aurrera begira ere adhieras dutenez, "gipuzkoarren interesen defentsa izango dela gure eguneroko jardunaren zutabe. Mehatxu politiken gainetik adostasuna zein gipuzkoarren hitza izango direla gure politika jardunaren ardatz".
Epaiak erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortu zuen
Gogoan izan, aipatu auzitegi honen epaia, Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetzeaz gain, haratago doala. Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela dio argi, berriki Ainhoa Intxaurrandietak NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketan nabarmentzen zuen moduan.
"Epaia bere osotasunean izan da harrigarria. Guk ondo egin genuela eta arrazoi genuela dio... Gaiari heltzen dio. Guk maneiatu genituen argudio guztiak ontzat ematen ditu. Batetik, erraustegia gaindimentsionatua zegoela dio. Esaten du erraustegia ez zela bideragarria, niretzat hori da klabea. Ez bada bideragarria, ezin zen eraiki. Eta guk hori egin genuen. Gainera, erraustegia geratu izanaren ondoriozko diru horren galeraren arduraduna zein den zehazten du. Guk egin genuen gauza bakarra, besteek egindako okerra zuzentzen saiatzea izan zela esaten du. Orduan, diru galeraren ardura aldez aurretik gaindimentsionatua zegoen proiektu bat ontzat emandakoak duela. Jakinda gainera gaindimentsionatua zegoela, epaiak dioenez", Intxaurrandietaren esanetan.
Bere adierazpenak osorik, ondoko estekan: http://www.noaua.eus/2018/10/18/ainhoa-intxaurrandieta-guk-bagenekien-ondo-jokatu-genuela/