Osasun zerbitzu publikoak euskalduntzeke oraindik, UEMA-ren azken azterketaren arabera

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 30a, 11:11

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bi urtean behin UEMA kide diren herrietako (tartean, Usurbilgoa) osasun zerbitzu publikoen gainean egiten duten azterketa plazaratu du. Ondorio argia atera daiteke; osasun zerbitzu publikoek euskalduntzeke segitzen dute. Egun, UEMA kide diren 86 herrietan eremu honetan lan egiten duten 616 langiletik 133 langilek (%21,60) ez du hizkuntza eskakizunik.

Euskararen arnasgunetzat jotzen diren udalerri euskaldunenetan ere “herritarrek oraindik ere zailtasunak dituzte askotan, osasun zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko”. Hainbat adibide jarri dituzte, Usurbilgo kasua tartean. Goizuetan, Leitzan, Areson, Deban, Aramaion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen eta Elgetan gertatu bezala, “pediatra bakarra dute eta ez du hizkuntza eskakizuna egiaztatuta. Beraz, herri horietako haurrek zerbitzua gazteleraz jasotzea beste aukerarik ez dute”.

Borondate kontua ez, betebeharra

Osasun zerbitzuetako langileria bere osotasunean aintzakotzat hartu duen behaketa honetako datuak eskutan, hobekuntzak egon diren arren, oraindik orain “UEMAko udalerrietako osasun etxe publiko askotan ez da errespetatzen herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea”. Horregatik, egoera hau iraunkortu ez dadin, neurri zehatzak hartzea eskatzen dute UEMA-tik Osakidetzari eta Osasunbideari. Honez gain, “hezkuntza arloari garrantzia ematea, eta osasungintza publikoa euskalduntzeko neurri ausartak hartzea” galdegiten du UEMA-k. Hurrengo ikasturtetik aurrera, medikuntzako eta erizaintzako 140 plaza izango dituzte euskaldunek EHU-n, “baina ez da plazen erdia ere. Dagoen eskariari aurre egiteko, euskal adarrean plaza gehiago gorde behar dira”.  Horrekin batera, ikasketok euskaraz egin ahal izateko ikasleek dituzten zailtasunak salatu ditu UEMA-k. Argi diote, “ez da borondate kontua. Betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra”.

Irudiak: uema.eus