Usurbildarren ekarpenekin ere hornituriko Herritarron Ituna irakurgai jada

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 30a, 10:47

Erabakitzeko 2019 arrazoi biltzeko Gure Esku Dagok herriz herri, tartean Usurbilen jasotako ekarpenak Herritarron Itunean bildu eta dokumentua Gasteizko eta Iruñeako parlamentuetara helarazi dute jada. Ordezkari politikoek aintzakotzat hartzeko modukoa da Gure Esku Dagoren esanetan “2.019 arrazoi erabakitzeko” izeneko dokumentua. Gogorarazi dutenez, “herritarron konpromiso eta borondatearen isla den heinean”. Ekaineko giza kateak eta erabakitzeko arrazoi bildumak, 2019an erabakiaren aroa ireki daitekeela adierazten du Gure Esku Dagoren ustez. “Aukerak badaudela eta herritarroi dagozkigun ardura eta konpromisoak geure gain hartzeko prest gaudela”. Herritarron Ituna gureeskudago.eus atarian sartuta irakur dezakezue osorik. Hemen duzue irakurgai osorik: Herritarron Ituna.pdf 

Usurbildarrek erabakitzeko arrazoi anitz

Erabakitzeko 2019 arrazoi eta gehiago dago. Usurbilen soilik arrazoi mordoxka plazaratu zituzten herritarrek, Gure Esku Dagoren herri mailako lan taldeak maiatza amaieran antolatu zuen Klik Egunean. Pentsioak, bizi kalitatea, hezkuntza, euskara, askatasuna, nortasuna, herri honen etorkizuna, parekidetasuna… hamaika arrazoi idatzi eta zintzilikatu zituzten, erabakitzeko arrazoiekin osatu zuten zuhaitzean.

Zergatik eta zertarako erabaki? Usurbildarrentzat…

-Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat pentsatuta, hezkuntza sistema propioa osatzeko.

-Euskaldunak garelako, ez espainolak ezta frantsesak ere.

-Nahi duguna egiteko eta euskaraz bakarrik hitz egiteko.

-Erraustegirik ez izateko.

-Jubilatuei paga gehiago eman behar zaie! Bestela diru gabe geldituko dira eta ez dugu nahi hori pasatzea!

-Mozal Legeari ez.

-Euskara mugarik gabe.

-Euskal herritar librea izateko euskal errepublika librean.

-Guk nahi duguna izan, inork ezer esan gabe! Gu, gu garelako, ez beste inor!

-Demokrazia batean herritarrok iritzia ematea ezinbestekoa delako.

-Aske izateko.

-Lasai bizi ahal izateko.

-Gu errespetatzeko.

-Iritzi desberdinak azaleratzea garrantzitsua delako.

-Gure herriarentzat egokien deritzogun aukera bermatu ahal izateko, hezkuntza sisteman, gestioan…

-Gu garena izan behar dugu.

-Neskak eta mutilak berdin tratatu behar ditugu.

-Natura zain dezagun.