Ainhoa Intxaurrandieta: "Helburu bakarra dute: gu eta gure senideen etorkizuna desegitea"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 30a, 12:48

Astelehenean ezohiko batzarra egin zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Eguneko gai zerrendan, kontu bakarra; hilabete hasieran, Espainiako Kontu Auzitegiak EHBilduren ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetu eta 2013an Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela zioen epaiari helegitea aurkeztu edo ez erabakitzea. Batzar kideen %55,6-aren babesarekin, baietz erabaki zuten. 2013an erraustegia geratzeagatik, egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ko agintariek salatu eta joan den apirilean epaitu zituzten garai hartako GHK-ren lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta ingurumen foru diputatu Iñaki Errazkini arrazoia eman zien epaiari errekurtsoa aurkeztea onartu zuten.

Ezohiko batzar horretan ordea, ezustekorik izan zuten, Twitterreko @eetxeberria    Eneko Etxeberriaren Twitter kontutik hartutako ondoko argazkiak erakusten duen moduan. Sare sozialen bidez azaldu duenez, Ainhoa Intxaurrandieta bertaratu zen asanblada horretara hitza hartzeko asmotan. Hasieran eragotzi egin zioten arren, hitz egiteko tartea hartu ahal izan zuen. Bereziki EAJ-ko kideei zuzenduz, "Errazkin eta nere kontrako errekurtsoarekin, gu biok eta gure familiak, etorkizunik gabe utzi nahi ote zuten galdetu diet". Intxaurrandietak argi du erantzuna; baietz. "Helburu bakarra dute: gu eta gure senideen etorkizuna desegitea", adierazi du Twitter bidez. 

Diru publikoa bi pertsonen bizitzak suntsitzeko baliatzea zuzena ote den galdetu zien EAJ-ko bi ordezkariri. "Ez dira gai izan aurpegira ere begiratzeko", adierazi du.

Testuinguru honetan, pozik agertu da Intxaurrandieta kalean jasotzen ari den babesagatik. Bi mezu gogorarazten ditu. Batetik gehiengoa ez dagoela ados, bi herritarren aurka gutxi batzuen negozioa babestu eta lehenesten dutenekin. Eta "oraindik ere gauzak aldatzeko garaiz gaude".

Honatx Intxaurrandietak, bere Twitterreko @ainhoa_GHK kontuaren bidez egin duen kontakizuna:

AINHOA INTXAURRANDIETAREN LEKUKOTZA OSORIK

"Gaur konsortzioko batzarrak, EAJ eta PSEren aldeko bozkekin, Iñaki Errazkin eta nere aldeko sententzia errekurritzea erabaki du. Haientzat ezusteko bakarra, ni batzarrean agertzea izan da. Hasera batean, Asensio lehendakariak, ez zidan hitz egiten utzi nahi, baina azkenean, nire argudioak minutu batez azaltzeko aukera eman dit.

Nire mezua EAJko kideei zuzendua izan da. Alderdi humanoa ikusarazi nahi izan diet. Errazkin eta nere kontrako errekurtsoarekin, gu biok eta gure familiak, etorkizunik gabe utzi nahi ote zuten galdetu diet.

Banketxeen kontrako swapen auzian, sententzia ez zuten errekurritu nahi izan. Orduan erabili zuten argudioa, abokatuetan diru asko gastatuko zela izan zen. Jakitun ziren swapetan xahututako milloi euro guztiak, banketxeak kobratzen ari direna, soilik haiek itzul zezaketela.

Orain ordea, diru publikoarekin, eta abokatuetan zenbat gastatuko duten begiratu ere egin gabe, gure kontrako errekurtsoa jartzea erabaki dute badakiten arren ez dutela sekula gugandik dirutza hori berreskuratuko. Helburu bakarra dute: gu eta gure senideen etorkizuna desegitea.

EAJko bi kideei zuzendu natzaie, ea beraien helburu bakarra, diru publikoarekin bi pertsonen kontrako mendeku pertsonala bultzatu nahi duten galdetuz. Diru publikoa, herritarren interesen alde erabili behar dela deritzot eta ez bi herritarren bizitza izorratzeko.

Hau esan diedanean, ez dira gai izan aurpegira ere begiratzeko. Tristea, oso tristea iruditu zait, alderdien interesa defendatzea, pertsonen eta gizartearen interesak defendatu ordez.

Baina guzti honetatik alde positiboa ere atera dut. Herritarren babesa. Oraindik ere kalean geratzen naute sententziagatik zoriontzeko. Eta ez pentsa soilik EHBilduko bozkatzaileak direnik sententziarekin poztutakoak. EAJko bozkatzaile zinegotzi eta alkateek ere zoriondu gaituzte.

Beraz, horrekin geratzen naiz. Gutxi batzuk negozioa lehenetsi eta babesten duten bitartean herritarren kontra arituta, gehiegoak ez du honekin bat egiten. Oraindik ere, gauzak aldatzeko garaiz gaude

Irudia: @eetxeberria (Eneko Etxeberriaren Twitter kontutik hartua)