Artisauen bilgunea frontoia azaroaren lehenean

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 31a, 11:04

Eskuz eginiko sormen lanen eta sortzaileen bilgunean bilakatuko frontoia ostegunean, azaroaren 1ean, Aitzaga Elkarteak antolaturiko 23. Artisau Azokan. Goiz eta eguerdi partean pilotalekura joaten bazarete, denetariko hamarnaka postu aurkituko dituzue urtero moduan, azoka girotuko duen hamaiketako ederrarekin batera; bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otarregintza, metalgintza... Eta artisauen artean bi herritar; Zorione Mendez eta Ibai Arrieta.

Ibai Arrietak eginiko argazkiak

Estreinakoz parte hartuko du Ibai Arrieta argazkilariak. “Etxean edo tabernan, espazio batean dekorazio gisa erabiltzeko ondo geratuko diren Usurbil inguruko paisaiak adierazten dituzten irudiak” jarriko ditu ikusgai. Horrekin batera, 2010ean Kuban eginiko lan batekin osaturiko liburuxka.

Eta eskuragarri baita, eskuartean duen proiektu berria bezala. “Espazio digital bat zabaltzeko asmoa dut, era honetako argazkiak erakutsi eta interesa duenak neurri eta euskarri pertsonalizatuan eskuratzeko”. 

Halere, Internetak ematen ez duen aukera eskainiko dio Artisau Azokak Arrietari. “Azokan aukera ona ikusi dut, zuzeneko hartuemana izateko herritarrekin”. Aukera ederra ikusten du sortzaileen lana ikusgarri egin eta plazaratzeko.

Zorione Mendezen ilustrazioak

Azaroaren 1erako gogotsu da Zorione Mendez herritarra. Gogotsu, denboraldi bateko etenaldiaren ostean, berriz marraztera itzuli delako eta plazara bueltatuko delako. Itzulera bikoitza beraz. “Lehen jarduten nintzen marrazten, nahiko utzia nuen eta berriro animatu naiz”, adierazi dio NOAUA!ri.

Arte Ederrak ikasi zituen garaian, anatomiari lotutako ikasgaia gustuko zuen. Eta horixe da islatuko duena, Aitzagan berriz hasitako sortze lanen ibilbide honetan; gorputzari lotutako ilustrazioak. Hitzordurako, aurrez herrian antolatu izan dituen ehungintzaren inguruko bi erakusketetan baliatutako “Bi Txoriburu” marka berreskuratu du.  

Aitzakia ederra izango du postua jarriko duten lagun gehiagorekin egoteko. Ez zaio arrotza azoken mundua. “Beste edizio batean parte hartu nuen, bigarren eskuko azoketan parte hartu izan dut”. Gustuko du azoka giroa, jendearekiko hartuemana, gustuko duena sortu eta ikusgai jarri... Azoka giroari eustea garrantzizkotzat jotzen du. “Gustatzen zait eta oso garrantzitsua iruditzen zait azoketako giro hori. Ez da erraza baina bultzatu beharra dago, salerosketa, parte hartzea, ikustea... Gure kulturaren parte da eta galdu dezakegu bestela”.

Azoka honen ostean, datorren urtarrilean Artzabal jatetxean bere sortze lan bilduma bat erakusgai jartzekoa da Zorione.