Erraustegia udaberrian hasi daiteke hondakinak jasotzen

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 30a, 20:16

Hala iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, astearte honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumeneko eta Gobernantzako batzordeak Zubietako erraustegira egin duen bisitan. "Aurreikusitako egutegia betetzen ari da", adierazi dute. Amaitzear den hilabete honetan, egin beharreko lanak %70ean exekutatuak dituztela berri eman dute Aldunditik. 

Proben fasea igarota, urtebete barru, 2019ko urrian "instalazio osoa funtzionamenduan" egotea aurreikusten du Foru Aldundiak. Lehenago, ekainean amaitu asmo dituzte obrak. Eta are lehenago, martxotik apirilerako tarte horretan, Zubieta gaineko erraustegia lehenengo hondakinak jasotzen hasiko omen da. 

Lanak zertan dira datuon bidez plazaratu du Foru Aldundiak;

LANEN EXEKUZIO MAILA

-Obra zibileko lanak %75etik gora exekutatuak.

-Tratamendu mekanikoko eta biolehorketako instalazioen % 85 exekutatuta.

-Errauste plantaren % 65 exekutatuta.

EPEAK

2019ko martxoa-apirila: lehen hondakinak jasotzen hasiko da erraustegia.

2019ko ekaina: obren amaiera.

Ondoren, proben fasea.

2019ko urria: instalakuntza guztiak martxan.

PLANTAK

-Tratamendu mekanikoko eta biologikoko planta: 2019ko martxoa-apirilerako hondakinak jasotzen hastea aurreikusten dute. Errausketarari ekin aurretik, bertan "berreskuratu daitekeen oro berreskuratuko da". Gainerakoa lehortu egingo dute. "Planta horri dagokionez; 

Ekipo mekanikoak hornituta eta instalatuta daude jada.

Teilatuko biolehorketa eremuko biofiltroen eta instalazio elektrikoen instalazioak eta aire eroanbideenak erritmo onean jarraitzen dute.

Bi tratamenduak (materialak berreskuratzea eta gainerakoa biolehortzea) hartzen dituen eraikina ia amaituta dago; erremateak bakarrik falta dira".

-Erraustegia: "erraustu beharreko hondakinak jasoko dituen hobia amaitua dute. 1. lerroaren muntaketa ia amaituta dago, eta presio probak egiten ari dira. 2. lerroaren muntaketa datozen asteetan amaituko da. Gasak arazteko plantan oso aurreratuta daude 1. lerroaren muntaketa eta 2. lerroaren aurremuntaketa. Elektrizitatea sortzeko turbina eutsiko duen egitura amaituta dago, eta turbina azaroan iritsiko da. Ura-lurruna zikloa muntatzeari ekin zaio, eta jada plantan daude ekipo nagusiak, hala nola ponpa nagusiak edo gasgabegailua. Zirkulaziorako bide guztiak bukatuta daude, eta asfaltozko azkeneko errodadura geruza besterik ez da falta".