%2,3 igoko dira taxien tarifak 2019an

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 31a, 12:24

Usurbilgo herri barruko 2019rako taxi tarifak onartu zituen astearteko osoko bilkuran udalbatzak aho batez. Urte berrian sartzearekin batera, %2,3 igoko dira zerbitzu hau baliatzeagatik ordaindu beharko diren tarifak. 

Urtero moduan, Gipuzkoak dituen bi taxi elkarteek 2019rako taxi tarifa berrien eskaintza helarazi zien Buruntzaldeko udalei, guztiok biltzen dituen Buruntzaldeko Taxiaren Eskualdeako Batzordeak iraila amaieran egin zuen bilkuran. G. Taxi Gipuzkoako Taxien Elkargoak %2,5eko igoera aplikatzea proposatu zuen, Agitaxek %2,3koa. Batzordeak aho batez %2,3ko igoera aplikatzea adostu zuen. Batzordearen proposamena da eskualdeko udaletara heldu dena, tartean Usurbilgora.

Udalbatzak urriaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakia Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari helaraziko dio Usurbilgo Udalak, "behin betiko onespena eman dezan". Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Departamentuari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Departamenduko arduradunari, Gipuzkoako taxi elkarteei eta Usurbilgo taxi titularrei baita. 

2019ko herri barruko tarifak:

Lan egunetan, 7:00-22:00 artean:

Gutxieneko tarifa: 5,3216.

Egindako km: 1,1313.

Itxaronaldia, orduko: 21,7104.

Egunero 22:00-7:00 artean; larunbat, igande eta jai egunetan 7:00-22:00 artean, eta abenduaren 24an eta 31n:

Gutxieneko tarifa: 6,3430.

Egindako km: 1,8123.

Itxaronaldia, orduko: 34,1198.