Gaztetxoentzako zinea eta zientzia tailerrak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 2a, 10:28

Lau eguneko asteburu luze honen baitan, aisialdiari lotutako bi hitzordu haur eta gaztetxoentzat. Aginagan familia giroan primeran pasatzeko zientzia tailerrak antolatu ditu Antxomolantxa Elkarteak larunbaterako. Igandean itzuliko da bestalde, azken urteotan arrakastatsua suertatu den euskarazko zine zikloa Sutegira.

Zientzia tailerrak Aginagan

Familia giroan entretenitu eta tarte atsegin bat igarotzeko gonbita luzatu du Aginagako Antxomolantxa Elkarteak. Zientzia tailerrak antolatu dituzte larunbaterako (azaroak 3) 17:30etan hasita Aginagako ludotekan. "Anima zaitezte arratsalde paregabe bat gurekin pasatzen, haur zein heldu primeran pasako dugu eta!!". Hitzordurako sarrerak egunean bertan izango dituzte salgai 3 eurotan.

Kimika tailerrarekin, "umeak atomo eta erreakzioen mundu zirraragarrian sartuko dira. Erreakzio kimiko eta fisiken arteko desberdintasunak aurkeztuko dira eta jarduera batzuen bidez, umeek atomoak hain txikiak diren, nola batzen diren molekukak sortzeko eta nola molekulak erreakzionatzen diren elkarrekin ikasiko dute".

Blandiblu tailerrean, "gelatina antzeko masa bat prestatuko dugu, polimero honen propietate izugarriekin harrituta geldituko dira. Gainera, polimero berri honen ezaugarri berriak ezagutuko dituzte, blandibluarenak! Jardunaldi honetan, umeek berea prestatzeko aukera izango dute. Gero, honekin jolasten, forma berezi eta magikoak lortuko dituzte!".

Zomorro tailerrean, "zomorroen bila joan eta zientzia dutela ohartuko zara! Parte-hartzaileek intsektu bati identifikatzen duten ezaugarri nagusiak ikasiko dituzte, pertsonen begien eta intsektuen begien arteko desberdintasunak analizatuko dituzte, intsektuek daukaten defentsa mekanismoak jakinaraziko dituzte, bidaiatuko dute habitatetik abere txiki hauen habitatetik eta polinizazioaren kontzeptua eta intsektuek jokatzen duten papera ikasiko dituzte. Honela intsektuek oso paper garrantzitsua jokatzen dutela ekosistemetan ulertuko dute. Umeek bere oroipen-intsektua sortuko dute".

Euskarazko zine zikloaren itzulera

Datozen igande ilun eta hotzei aurre egiteko plan ezinhobea dute etxeko txikienek. Bueltan dator, Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko euskarazko zine zikloa. Hilero, lehen igandeetan proiektatuko dituzte adin tarte honetako herritarrei zuzenduriko euskarazko filmak. Lehenengoa, azaroaren 4an, 17:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Sarrerak, egunean bertan 3 eurotan salgai.

"Orm elurretako erresuman" filma proiektatuko dute Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. "Elurretako Erregina garaitua izan da, eta hotz-egunak amaituta, trols-ak bakean eta askatasunean bizi dira. Orm trol horietako bat da; baina atsekabetuta dago, Erregin maltzurra garaitzeko funtsezkoa izan arren, merezitako aitortzarik jaso ez duelako. Orm-ek heroia izan nahi du, eta garaipenaren kontakizuna gezur txikiekin puzten hasten da eta bere burua eskaintzen du printzesa erreinutik libratzeko eta, bide batez, inoiz izan ez den herria bihurtzeko".