[Kulturaldia] Fermin Muguruza, "Black is beltza" filmaren azaroaren 11ko proiekzioan

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 2a, 20:56

Fermin Muguruza izango da, ate joka dugun NOAUA!-ren Kulturaldiko protagonistetako bat. 5. astea du zinematan, Muguruzak zuzendu duen "Black is beltza" animaziozko filma proiektatuko dugu azaroaren 11n, 19:00etan Sutegin. Proiekzioan bertan izango da Fermin Muguruza, bere lanaren nondik norakoak azaltzen.

"BLACK IS BELTZA"

Eguna: azaroak 11, igandea.

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Oharra: Fermin Muguruza Sutegin izango da.

Sinopsia: "1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea.

Benetako gertaera horretatik abiatuta, Muguruzak, Canok eta Alderetek Manex Unanueren historia asmatu dute: erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Bere kideek agintarien erabakiari men egin izana deitoratuz, etxera ez itzultzea erabakiko du Manexek. Gazte honen begietatik izango dugu 1960ko hamarkadaren erdialdean gizartea errotik astindu zuten gertaeren berri: Malcolm X-ren hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan. Gerra Hotzaren oihartzuna ere agerikoa izango da, alde bietako espioien artean zeuden interes eta katramila ezkutuak tarteko.

Kuban urte batzuk igaro eta trebakuntza berezia jaso ondoren, Manexek Che Guevara ezagutuko du hura Boliviara joateko zorian dela. Egiteko ezinago delikatu batean abiatuko da gero: eraila izateko arriskua duen Black Panther bat AEB Ameriketako Estatu Batuetatik atera eta hari Habanaraino lagundu beharko dio. Horretarako, mundua alderik alde zeharkatu eta itzulinguruz betetako bidaia egingo du. Izan ere, ezinezkoa da bidaia hori zuzenean egitea: CIAk susmoa baitu kubatarrak zoru ipar-amerikarrean operazio berezietan ote dabiltzan".

Sarrera: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Informazio gehiago: blackisbeltza.eus

Antolatzailea: NOAUA! K.E.