Haritz Harreguyk, Nora Izagirrek eta Ruben Caballerok osaturiko eMe taldearen kontzertuarekin borobilduko dugu aurtengo NOAUA!ren Kulturaldia. Kontzertua, azaroaren 17an 19:00etan Sutegin. Sarrera: 10€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Azken aldian soinu teknikari lanetan nabarmendu den arren, Haritz Harreguy ibilbide luzeko musikaria da. Larrua Truk eta Sen taldeetako gitarrajole eta kantu-sortzaile izan zen. Gaur egun, errekonozimendu handiko soinu teknikaria da. Bere alde sortzailea, ordea, ez du sekula baztertu eta eMe proiektua da horren erakusgarri. Ruben Caballero musikariarekin eta Nora Izagirre kantariarekin batera osatu berri duen taldea da eMe. Beleak elurretan diskoarekin, gaur-gaurko pop musikaren esparruan itsasoratu dira. Ez da pop elektronikoari hertsiki lotutako diskoa. Ez da soilik synth pop. Dance lan batetik oso urruti dago. Baina badu guztietatik zerbait. Gaurkotasun handiko pop musika, lau hitzetan esanda. Haritz Harreguyk Usurbilen duen estudioan mimo handiz egina.
Lerrootan, Beleak elurretan diskoaren kaleratzearen harira, duela urtebete, NOAUA!k Haritz Harreguyri eginiko elkarrizketa.
NOAUA! Orain plazaratu duzue eMe taldearen lehen diskoa. Baina sortu, noiz eta nola sortu zen eMe?
Haritz Harreguy. Bada teknikari bat Madrilen, Juan de Dios du izena, eta Amaral eta Leivarekin lan egindakoa da. Gustuko dut bere soinukera eta deitu egin nion ikastaro bat egiteko berarekin.
Onartu zuen nire proposamena eta nire estudiora etorriko zela esan zidan. “Talde bat ekarri ezazu estudiora, bi abesti grabatuko dizkiogu eta, hartara, taldea bi kanturekin joango da etxera eta zuk nik nola grabatzen dudan ikusiko duzu”. Halaxe esan zidan.
Talde bat ekarri ordez, kantua nik egitea erabaki nuen. Nire ahotsa eskuak kantua egin nuen.
Hemen, estudio inguruan, askotan egoten gara familiarekin bazkaltzen. Larunbat bat edo igande bat izango zen. Norak kantua abesten uzteko eskatu zidan. Orain arte, ondo bereiztu izan ditut lana eta familiakoa. Baina hau niretzako zenez, kantatzera jaitsi zen estudiora. Asko gustatu zitzaidan emaitza. “Akaso nire inpresioa baino ez da izango”, nire artean. Eta lagun batzuei pasa nien grabazioa. Ruben Caballerok esan zidan oso ondo zegoela.
Beraz, horrela abiatu zineten. Ia Oharkabean.
Garai hartan, Grises taldeko Eñautekin nenbilen kantu batzuei forma ematen. Gero, kantu berri gehiagoren bozetoak osatzen joan nintzen eta beranduaxeago Ruben Caballerorekin hasi ginen kantuak lantzen.
Nondik dator eMe izena?
San Telmon izan ginen Ikimilikiliklik erakusketa ikusten, eta gure osaba Joxean Artzek badu eme, ama hitz segidarekin osatutako olerki bat. Hantxe bertan esan nion Norari, gure proiekturako gustuko nuela eMe izena. Horrela idatzia zegoen gainera, erdiko m letra maiuskulan ipinia.
Diskoa eskuetan hartu eta lehen inpresioa: Argitsua. Diskoaren pop soinukera bezala?
Izan liteke, bai. Ni oso pop zalea izan naiz. Gurasoen eskutik euskal abeslariak entzun izan ditugu baina The Beatles-en diskoak ere baziren etxean. Beatles zalea naiz, Itoiz ere asko gustatzen zitzaidan, gaztetan asko entzun nuen. Pop britanikoa ere asko entzun izan dugu eta horiek beti izan ditut nik.
Gaztaroan grunge musikak harrapatu gintuen eta mundu horretan genbiltzan. Baina orain, adin hauetan, hau da barruak eskatu diguna. Pop kutsuko kantuak.
Dena den, portadan argitasunaren ideia nabarmendu badugu ere, guregan iluntasuna, sakontasuna eta baita gordintasuna ere presente dagoela erakutsi nahi izan dugu barrukaldeko beleen lumen belztasunarekin. Osabaren abestiak hain ondo irudikatzen duen yin eta yan kontzeptuak ibili ditugu buruan. Eta lana borobiltzeko Ion Markel aritu da argazki eta diseinu lanetan.
Bi elementu nabarmentzen dira lehen entzunaldian. Lehena, sintetizadoreen eta programazioen erabilera.
Grises taldekoek oso sintetizadore onak dituzte. Garai batekoak. Instrumentu onak. Abesti hauei esker, ikertzen ibili gara Ruben eta biok. Soinu aldetik beste zerbaiten bila ibili gara. Ez izatea “lau akorde jo eta fuera”. Bilaketan, deskubritzen, gustura aritu gara. Gainera, sintetizadore horiek oso soinu sendoa dute. Nahasketetan oso ondo irauten dute eta kristoren kapatzarra egiten dute. Hala ere, beste instrumentuak ere entzuten dira.
Sintetizadoreen logika eta lengoaia beste bat da. Kantuetan gainera, presentzia handia dute. Zu gitarrista bezala ezagutu zaitugu ordea. Sonoritate hori menderatzea asko kostatu al zaizu?
Rock mundutik gatozenak ez ditugu sintetizadoreak ondo ikusi. Itoizek eta beste batzuk erabiltzen zituzten. Gustuko genituen sintetizadore horiek baina ezkutatu egiten genuen. Konplexu asko izan ditugu eta horregatik sintetizadoreak eskaintzen dituen aukerak ez ditugu ondo baloratu. Ruben Caballero ordea oso tipo irekia da, musika asko entzuten du eta prozesua naturala izan da. Instrumentu oso onak erabili ditugu. Sintetizadoreekin oinarrizko gauzak egin ditugu baina gozatu egin dugu. Ikasketa eta jolasa, bietatik izan du grabazioak.
Behin baino gehiagotan aipatu duzu Ruben Caballero, Usurbilen bizi den musikaria. Ez da gitarra jotzera mugatu. Diskoaren ekoizpena erdibana egin duzue.
Niretzat erreferentzia bat da Ruben. Nire babesa da. Talde baten nahasketak egiten ditudanean adibidez, bidali egiten dizkiot eta bere iritzia jakitea gustuko dut. Soinu aldetik ere, ezagutza handiak ditu. Batez ere instrumentuak erabiltzeko garaian.
Puntako letragileak
Xabier Silveira, Oier Guillan eta Joxean Artzeren letrekin osatu dituzue abestiak. Propio daude diskorako idatziak ala liburuetatik hartu dituzue?
Osabarena liburu batetik hartu genuen, baina beste guztiak diskorako propio daude idatziak.
Oier Guillani buruz osabak oso ondo hitz egin izan du beti. Asko estimatzen du. Oierren bikoteak gainera, Norarekin ikasi zuen unibertsitatean, eta Norak berak proposatu zuen Oierrekin lan egitea. Eta primeran joan da.
Silveira, bestetik, asko apreziatzen dut. Bere fatxada horren barruan tipo sentibera bat dagoela uste dut. Letra bat eskatu nion eta Ama kantuarena bidali zigun. Eta bete-betean eman zuen. Gainera, aspalditik dut harremana berarekin, eta beti goxo egon gara hizketan. Oier Guillanenak bezala, Xabier Silveirarenak ere diskorako propio egindako letrak dira.
Ekain Elortza eta Eñaut Gaztañagaren kolaborazioak
Ekain Elortza baterijolea da diskoko beste protagonista.
Ekainen jotzeko era asko gustatzen zait; tipo sendoa da bateria jotzen. Ez du txorakeriarik egiten eta soinu handia duela uste dut. Kantu batzuetan ez dago plato bakar bat ere, adibidez. Nahi nuen berarekin proba egin. Grabatzeko garaian lehen toman asmatzen zuen. Soinu ederra du gainera.
Lehen abestian hain zuzen, Eñaut Gaztañaga Grises taldeko kideak abesten du.
Laguna dut. Proiektu berri batekin nenbilela aipatu nion, ia lagunduko ote zidan... Eta horrela hasi ginen. Gainera gustuko dut bere ahots-tinbrea.
Noraren ahots iradokitzailea
NOAUA! Nabarmentzen den beste elementua Noraren ahots iradokitzailea da.
Bai, gainera Noraren ahotsak efektuak ditu eta akaso horrek argitasun ukitua areagotu du. Eta baita sintetizadoreek sortutako atmosferak ere. Baina ez da nahita egindako zerbait izan. Kantuak sortzeko garaian, soinukera hori horrela etorri da berez.
Kantari gisa, Norak lehen esperientzia du hau, ezta? Nola joan zen grabazio saioa?
Teknikari bezala, abeslariak grabatzea izaten da askotan zailena. Batez ere nire proiektuetan. Norari grabatzea ordea, gozamena izan da. Melodiak ateratzen harritu egin gaitu. Musikariak oso neurtuak gara. Matematikoak. Baina Norak beste modu batean neurtzen du musika.
Gainera, grabatzeko garaian, oso eroso egon da. Bere ahotsa nola grabatu erakutsi nion. Mikrofonoa ipini nion soinu-mahaiaren ondoan eta bera bakarrik etortzen zen grabatzera. Ni aurrean egon gabe. Eta horrek askatasun handia eman dio.
eMe | ama from ion markel on Vimeo.
“Lan faltarik ez dut estudioan”
NOAUA! Estudioa ireki zenuenetik zortzi urte beteko dira laster. Pozik egindakoarekin?
Bai, pozik. Jakinda non nagoen, Usurbilgo mendi puntan. Oso pozik. Lan faltarik ez dut, maiatzeraino topera daukat estudioko agenda. Nire gustuko talde gazteak ere etortzen hasi dira gainera.
Zuzeneko teknikari lanetan ere bazabiltza. Zein talderekin zabiltza orain?
Rural Zombies taldearekin eta Ken Zazpirekin.
Pasion Vegarekin ere aritu izan zara, ezta?
Ederra. 70 laguneko orkestra batekin abesten zuen, gehi bere taldea. Bartzelonako Palau de la Musican, Madrilgo Teatro Realen, Granadan Jardines del Generalifen aritu nintzen teknikari lanetan eta oso kontzertu ederrak izan ziren. Oso atsegina izan zen esperientzia. Disko berria ere nik nahastu dut. Beste estilo bateko proposamena da, baina azkenean instrumentuak dira hizketan daudenak, eta oso ondo. Ikasten. Proiektu bakoitza ikasgai bat da niretzat.
Huntzak estudio honetan bertan grabatu zuen bere disko arrakastatsua. Aldapan gora fenomenoa errejistratu zuen teknikaria zara, hortaz. Esaiguzu egia: ondoren etorriko zen boom-aren arrastorik sumatu al zenuen grabazio egun haietan?
Bai. Hona etorri zirenean ez zuten ez argitaletxerik, ez managerrik, ez ezer. Mauka diskoetxekoa laguna dut eta hari esan nion, “Huntza oso ondo dago”.
Erromeria berez etorriko da, hauekin berez etorri da. Hala pentsatu nuen. Grabazio garaian, eta taldekoen baimenarekin, bi kantu bidali nizkion Gazteako Joseina Etxeberriari. Eta erotu egin zen. Egun hartan bertan, “hau bonbazo bat da, gaur arratsaldean emititzen hasi behar dut!”. Egon hadi pixka bat, esan nion. “Ezin diat itxaron. Hitz egin ezak beraiekin!”. Igual bost aldiz deitu zidan arratsalde hartan.
Huntzakoak orain gutxi izan dira berriro hemen, Aspanogi-ren proiektu batentzat bi kantu berri grabatzen.
Argazkia eta bideoa: Ion Markel.