"Zubietako erraustegia: alde eta kontra" dokumentala astearte gauean ETB-n

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 5a, 06:04

"Zubietako erraustegia: Alde eta kontra" izeneko dokumentala, ETB 1-ean ikusi ahal izango da, astearte gau honetan (azaroak 6) 22:30etan hasita, Irati Sarasua kazetariak gidatuko duen "Katebegia" saioaren baitan. Emisioa iragartzeko ETB-k plazaratu duen spot-ean Jose Ignacio Asensio egungo Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatua ageri da. "Batzuek gelditu zituzten aurreikusiak zeuden azpiegiturak", esanez ageri da. "Ez zuten alternatibarik jarri eta hori ez da posible", gaineratzen du albiste honi atxikia duzuen iragarkian. 

Aurrerapen horretan ageri da baita, 2013an Zubietako erraustegiko lanak geratzeagatik berriki Espainiako Kontu Auzitegiak errugabetu zituen EHBilduko bi ordezkarietako bat; Ainhoa Intxaurrandieta, 2013an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria izandakoa. "Gipuzkoarron interesak defendatu genituen eta ez gutxi batzurenak", dio ETB-ren dokumental aurrerapenean.

Egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ren agintariek salatu zituzten Iñaki Errazkin foru ingurumen diputatu ohia eta Intxaurrandieta bera, aipatu moduan, 2013ko azaroan Zubietan eraiki nahi zen erraustegia geratu izanagatik. 46 milioi euro euren poltsikoetatik ordaintzea eskatzen zaie. Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman die Errazkini eta Intxaurrandietari, erraustegi hura gaindimentsionatua zegoela aitortzearekin batera. Halere, GHK-k aipatu epaiari helegitea aurkeztea erabaki du. "Botereak larrutik ordainarazi nahi digu", dio Intxaurrandietak ETB-ren astearteko dokumentalaren aurrerapen iragarkian. 

10.000 sinadura baino gehiago EITB-ra, eztabaida eske

Gogoan izan, hilabete luzez change.org eginiko kanpainaren bueltan, 10.000 herritarren baino gehiagoren sinadurak bildu zituela Errausketaren Aurkako Mugimenduak joan den udaberrian. Sinadurok EITB-k erraustegiari buruzko eztabaida teknikoa eskaintzea eskatzen zuten. Bildutako sinadura guztiak maiatzaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunean entregatu zituzten, Miramongo egoitza atarian "Eztabaida teknikoa, informazio eskubidea" aldarripean egin zuten elkarretaratzearen baitan. 

"Zorionak guztioi! Helburu guztiak gaindituta, 10.000 sinadura baino gehiago lortu ditugu. Gizarteak erraustegiaren eztabaida teknikoa exijitzen du", nabarmentzen zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez.

https://youtu.be/A2sdKuof4yw