Euskaraldirako hiru aste eskas baino ez! Prestaketa lanak aurrerabidean dira. Asteazken honetarako, antolaketa lanetan murgilduak diren herritarrek aurkezpen saioa iragarri dute Zubietan 18:00etan Potxoenean. "Adi zubietar! Euskararen erabilera handiagotzea nahi duzu? Zure alea jartzeko prest zaude? Astindu zure hizkuntza-ohiturak eta eman izena Euskaraldian!", hortxe asteazkenerako gonbita.
Bestalde, gaurko (azaroak 5) Potxoenean eragileekin iragarria zuten batzarra astebete atzeratu dute, azaroaren 12ra.
EUSKARALDIAREN AURKEZPENA ZUBIETAN
Eguna: azaroak 7, asteazkena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Zubietako Kaxkape egoitza.
Zehaztasunak: azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldiari buruzko argibideak. Zalantza guztiak argitzeko saioa antolatu dugu Kaxkapen. Bertan, Euskaraldian parte hartzeko 4 pausoak elkarrekin egingo ditugu!:
1-Hautatu Ahobizi ala Belarriprest izango zaren.
2-Izena eman.
3-Barneratu aukeratu duzun rolak zer konpromiso eskatzen duen.
4-Txapa jaso.
"Ez galdu aukera! Animatu eta astindu zure hizkuntza-ohiturak!".
Deitzailea: Euskaraldia.
EUSKARALDIA
Datozen deialdiak
-Azaroak 7, asteazkena: 18:00 Euskaraldia girotzeko ekitaldia Zubietako Kaxkapen.
-Azaroak 12, astelehena: 18:00 Eragileekin batzarra Potxoenean.
-Azaroak 16, ostirala: Euskaraldirako txapa banaketa+"Euskaraldirako 4 aitzakia" antzezlana Sutegin.
-Azaroak 23, ostirala: Euskaraldiaren hasiera.
Izen ematea: NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Potxoenean ditugun eskuorrietan. Bestela emailez edo Euskaraldiak martxan jarritako web orrialdean.
Informazio gehiago:
usurbil@euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Youtube: Euskaraldia Usurbil
11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra
Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?
Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.
Nola egingo dugu?
Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:
Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Zer lortu nahi dugu?
-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
Non egingo dugu?
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan... Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.
Nork har dezake parte?
16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena:
-Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
-Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.
Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!