Usurbilgo Udalak kaleratu berri ditu 2018ko lehen seihilekoari dagozkion hondakinen gaikako bilketari lotutako datuak. Urtarriletik ekainera bataz beste, hondakinen %85,11 bildu zen gaika Usurbilen. Hilabetero eta gaika bildutako hondakinen kopuruak zehazten dituen ondoko taula plazaratu du Udalak.
Taula horretan ikus dezakezuen moduan, urteko lehen sei hilabeteetan hondakinen gaikako bilketa %85,11koa izan zen bataz beste Usurbilen. Baina zenbait hilabeteetan, ehuneko hori are altuagoa; apirilean %86,56raino eta maiatzean %87,12raino hazi zen gaikako bilketa Usurbilen.
Gaikako bilketa datuon xehetasunak dituzue aipatu taula horretan: autokonposta/auzokonposta, organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, industria guneetako gaikako bilketa, pilak, ehunak, etxeko olioa, Garbigunea, errefusa, kale garbiketa bidez jasotako hondakin kopuruaren berri...
"Usurbil 0.0" plangintzari lotutako batzarra
Azaroaren 14rako deitu dute 18:00etan Potxoenean. "Azken hilabeteotan Usurbil 0.0 plangintzaren barruan eman diren pausoen berri emango da, baita hurrengo urterako aurreikusten diren egitasmoen berri ere", herritarren ekarpenak biltzearekin batera, Udaletik azaldu dutenez.