Astearte iluntzetik aurrera 80-100 kilometro orduko haize-boladak izan ditzakegula iragartzen ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Horregatik, abisu horia aktibatuko dute astearte gaueko 21:00etan hasi eta asteazken goizaldeko 6:00ak arte. "Hego-osagaiko haize-boladek 100-110 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetako haizeguneak diren lekuetan, bereziki mendebaldean. Bestalde, kostaldeko haizeguneetan hego-osagaiko haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izan daitezke", ohartarazi dute Euskalmet-etik.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 6, asteartea
"Gaur giro aldakor eta apur bat nahasia espero dugu. Eguna bustitik hasiko dugu, baina goizak aurrera egin ahala, eta mendebaldetik ekialdera, atertzera egingo du. Atertu ostean, ostarteak zabalduko dira eta, egunaren erdiko orduetan, beraz, giro atsegina izango dugu. Ondoren, arratsaldeak aurrera egiten duen heinean, mendebaldetik hodeiak iristen hasiko dira eta baliteke berriz ere euri pixka bat egitea. Goizean haizea mendebaldetik hego-mendebaldera aldatuko da eta arratsaldean eta gauean indartsu ibiliko da, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan. Tenperaturan aldaketa handirik ez".
Azaroak 7, asteazkena
"Asteazkenean giroak nahasi samar jarraituko du. Egunaren lehen zatian hego-mendebaldeko haizearekin jarraituko dugu eta, hodeiak ugariak izango diren arren, ez dugu euri askorik espero. Eguerditik aurrera, berriz, haizea mendebal/ipar-mendebaldetik finkatuz joango da eta arratsaldean, batez ere kantauri isurialdean, euri gehiago egin dezake. Gauean haizeak berriz ere hegoaldera egingo du eta erabat atertuko du. Termometroetan aldaketa nabarmenik gabe jarraituko dugu".
Azaroak 8, osteguna
"Ostegunean, egunaren hein handi batean, hego-haizea nagusituko da eta zeruan hodeiak eta ostarteak izango dira. Goizean erdi-mailako hodei eta goi-hodei dezente ikusiko ditugu baina ez dugu euririk espero. Horrez gain, baliteke kantauri isurialdean tenperatura pare bat gradu igotzea. Arratsaldeak aurrera egitearekin batera, hodeiak ugarituz joango dira eta ez da baztertzen arratsalde-gau aldean euria egin dezakeenik. Mendi inguruetan haizea indartsu ibiliko da".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus