Udalbatzak behin behinean onarturiko 2019rako zerga-ordenantzak, alegazio epean bihartik

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 6a, 11:22

Urte berrirako zerga-ordenantzak eraman zituen EHBilduk urriaren 30eko osoko bilkurara, udal taldeek bozkatu eta onar zitzaten. Hasieraz onartu zituzten, gehiengo osoz, udal gobernu taldearen babesarekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Udalbatzak hasieraz onarturiko 2019rako zerga-ordenantzei erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabalduko da bihartik (azaroak 7) zenbatzen hasita. Udalbatzaren behin behineko erabakia gaurko (azaroak 6) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du. Erreklamaziorik ez bada aurkezten, automatikoki behin betiko onartutzat joko dira. Bestela, "Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu, aurkeztu izan diren erreklamazioak ebatzi eta Ordenantzaren behin betiko idazketa, beraren indargabetzea edota, behin behineko akordioan aipatutako aldarazpenak onetsiz". 

%1,75eko igoera orokorra

Oro har, %1,75eko igoera aplikatzea proposatzen du udal gobernu taldeak. Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoeraren azpitik halere. Udalak zerga-ordenantzen eguneraketak egiteko erreferentzia gisa, KPI-ak abuztutik abuztura izandako bilakaera baliatu ohi du. Azken urtean, %2,3ko igoera izan du KPI-ak. Honenbestez, 2019rako zerga-ordenantzak KPI-aren azpitik igoko ditu Udalak. "Uneak euste bat eskatzen duela" zioen aipatu ordenantzon nondik norakoen berri ematerakoan, Alaitz Aizpurua zinegotziak. 

Badira ordea urtero moduan, salbuespenak. Tartean, bere horretan mantenduko dituzten ordenantza fiskalak. Besteak beste, "jarduera ekonomikoen gaineko zerga (IAE); eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga (ICIO); gainbalioa, edota eguneko arretaren prezioa". 

Ordenanza fiskalekin batera 2019rako egutegi fiskala ere hasieraz onartu zuten astarteko osoko bilkuran. Aurtengoarekin alderatuta, ez da inolako aldaketarik aurreikusten.

Aldaketaren bat izango duten zerga ordenantzak:

-Ondasun higiezinei buruzko zergaren kuotak finkatzeko funtsezko elementuak erregulatuko dituen Ordenantza Fiskala.

-Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

-Eraikuntza, instalazioa eta obrei buruzko zerga.

-Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasak arautzen dituen ordenantza.

-Udal jarduera erabiltzeagatik tasak arautzen dituen ordenantza.

-Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

-Zuzenbide publikoko udal zergen eta beste diru sarreren kudeaketaren eta bilketaren gaineko ordenantza nagusia.

2019rako egutegi fiskala

-Urtarrilak 2-31: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2018ko 4. hiruhilekoa).

-Otsailak 1-martxoak 15: ura, estolderia eta hondakinak (2018ko 4. hiruhilekoa).

-Martxoak 1-apirilak 16: trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.

-Apirilak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (2019ko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 2-ekainak 17: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 15-uztailak 1: ondasun higiezinen gaineko zerga.

-Uztailak 1-abuztuak 1: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2019ko 2. hiruhilekoa).

-Abuztuak 1-irailak 16: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 2. hiruhilekoa).

-Irailak 2-30: espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).

-Urriak 1-azaroak 11: ekonomi jarduera gaineko zerga.

-Urriak 1-31: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2019ko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 4-abenduak 16: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 4-abenduak 1: bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).

-Azaroak 4-abenduak 1: emakida administratiboak.