600 herritar baino gehiago, Euskaraldirako izena emanda

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 7a, 11:05

600 herritarrek baino gehiagok Euskaraldirako izena emana dute jada, ekimena herri mailan bideratzen ari den talde sustatzaileak berri eman duenez. Haietatik gehienak Ahobizi gisa parte hartzeko borondatea agertu dute. “Nolanahi ere, Ahobiziek beste garrantzia dute Belarriprestek ere eta herritarrak izen ematera animatu nahi ditugu rol bata zein bestea hautatzen dutela ere. Hurrengo asteetan, orain arte izena eman duten horiek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi ditugu. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri eman, gure buruak eta ingurua prestatzea eta, beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea”.

Norbanakoek soilik ez, denetariko 30 herri eragiletik gora dira dagoeneko atxikimendua adierazia diotenak Euskaraldiari. Bat egitea soilik ez, inguruan 11 egunez Ahobizi nahiz Belarriprest gisa arituko diren herritarrak aktibatzeko konpromisoa ere hartu dute.

Zenbakietatik haratago joan nahi du ordea Euskaraldia Usurbilen sustatzeko hilabeteak gogotik lanean daramatzan herritarren batzordeak. Helburu nagusia ez da zenbatek parte hartzen duten nabarmentzea, baizik eta “parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza-ohiturak aldatzea. Antolaketan ari garenon ikuspegitik ariketa honek inertziak apurtzea eta ohiturak aldatzea du helburu eta, horregatik, datuek baino, sortuko diren aldaketek dute guretzat garrantzia”. Ariketa honen izaera kualitatiboa nabarmentzen dute.

Honenbestez, jada bildu duten izen emate kopurua aipatuz diotenez, “600 herritarrek baino gehiagok agertu dutela Euskaraldian bere inguruan eragin, hizkuntza ohiturak aztertu eta hauetan eragiteko asmoa”.

EUSKARALDIA

Datozen deialdiak

-Azaroak 7, asteazkena: 18:00 Euskaraldia girotzeko ekitaldia Zubietako Kaxkapen.

-Azaroak 12, astelehena: 18:00 Eragileekin azken batzarra Potxoenean.

-Azaroak 16, ostirala: Euskaraldirako txapa banaketa+"Euskaraldirako 4 aitzakia" antzezlana Sutegin.

-Azaroak 20, asteartea: Ahobizi eta Belarriprest guztientzako tailerra Potxoenean.

-Azaroak 23, ostirala: Euskaraldiaren hasiera.

Izen ematea:

-NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Potxoenean ditugun eskuorrietan.

-Emailez edo Euskaraldiak martxan jarritako web orrialdean.

-NOAUA!ren Kulturaldiko Sutegiko ekitaldietako mahaian:

Azaroak 10, larunbata: 21:30-22:00.

Azaroak 11, igandea: 18:30-19:00.

Azaroak 14, asteazkena: 19:00-19:30.

Azaroak 17, larunbata: 18:30-19:00.

Azaroak 18, igandea: 18:30-19:00.

Tokia: Sutegi.

Informazio gehiago:

usurbil@euskaraldia.eus

usurbil.euskaraldia.eus

Facebook: Euskaraldia Usurbil

Twitter: @EuskaraldiaUsur

Youtube: Euskaraldia Usurbil

11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi dugu?

-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.

-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.

-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.

-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan... Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena:

-Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.

-Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!