Guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa hobetzeko tresnak lantzeko antolatu dute Gaztelekuko eta Ostargi gizarte elkarteko hezitzaile Saio Aginakok eta Itziar Aretak. 12-18 urte arteko nerabeen gurasoei zuzendua dago, “sokari helduz: nola hobetu guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa?” tailerra. Udalak deitutako saioa, azaroaren 17an, 10:00-12:00 artean Potxoenean. Izena ordea azaroaren 9a baino lehen eman behar da, doan, Gaztelekuan edo gaztelekua@usurbil.eushelbidera idatzita. Informazio gehiagorako: 688 713 838.
Santueneko Argazki Lehiaketa
“Neguko irudiak”, hala izena du Santuenea Kultur Elkarteak antolaturiko argazki lehiaketak. Hortxe gaia, eta gai horri loturiko argazkiak ateratzean dago lehiaketa honen gakoa. Ekimena haur eta gaztetxoei, 0-3, 4-7 eta 7-16 urte artekoei zuzendua dago. Argazkiak azaroaren 15etik 30era aurkeztu beharko dira Santuenea Kultur Elkarteko egoitzan. Toki berean jaso ahal izango da xehetasun gehiagoren berri.
Berdintasun ipuinak
Antxomolantxa Elkarteak antolatuta, azaroaren 17an, 17:30etan hasita Aginagako ludotekan. 4-10 urte arteko haurrei zuzenduriko hitzorduan “denak errespetatuz bizi ahal izateko bidaiatuko dugu ipuin zoragarrien munduan, bakean eta berdintasunean bizi ahal izateko”. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da.