Greziako errefuxiatuentzako neguko arropa bilketa kanpainan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 8a, 12:04

Zaporeak proiektu solidariotik 2011az geroztik Etiopian eta 2016ko martxotik Greziako errefuxiatuak laguntzen ari da. Jaten ematen dabiltza azken urteotan, eta horrekin batera, orain, ate joka dugun negura begira arropa biltzeko Euskal Herri mailako kanpaina antolatu dute. Hego Euskal Herriko hiriburuetan bideratuko dute nagusiki kanpaina, baina "lau erdigune horietaz gain, beste herri eta eskualde batzuetako elkarteekin ere harremanetan jarri gara, ekimena zabaldu eta arropa bilketaren sarea eta informazioa ahalik eta leku gehienetara iritsi dadin".

Usurbila ere heldu da ekimen solidario hau. Herritar talde batek antolatuta, Greziako Lesbos eta Chios uharteetako errefuxiatuentzako ate joka dugun negura begirako arropa bilduko da azaroaren 15ean 18:00-20:00 artean Mikel Laboa plazan. Neguko arroparen behar handia dute Grezian eta hauxe da bildu nahi dena:

• Haurrak (Haur arropa etiketa dutenak hartuko dira kontuan): txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, gonak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

• Emakumeak: txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, gonak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

• Gizonezkoak: txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

Elikaduraren arloan lanean

Aipatu moduan 2016ko martxoaz geroztik Greziako errefuxiatuak laguntzen dihardu Zaporeak elkartasun proiektutik. "Zaporeakek hiru urte daramatza errefuxiatuen alde lan egiten elikaduraren arloan, Grezian bertan otorduak kozinatu eta errefuxiatuen artean horiek banatzen, edota elikagaiak bidaltzen Grezian bertan errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat proiektuetara".

Gaineratu dutenez, "Grezian errefuxiatuei jaten ematen gabiltza. Bi urte hauetan zehar 700.000 otordu baino gehiago banatu ditugu eta otorduak prestatzeko 400 boluntario baino gehiagoren laguntza izan dugu. Urtebetez Chios uhartean izan ginen lanean eta 2017ko urriaz geroztik Atenaseko Victoria Social Centerren gaude. Lanean jarraituko dugu errefuxiatuek gure laguntza behar duten bitartean". 

Joan den urria hasieran Greziako Lesbos uhartera bidaiatu zutenean arropa biltzeko kanpaina honen beharraz jabetu ziren. "Bertatik bertara ikusi genuen arropa biltegietan arropa behar handia zutela neguari begira. Hori ikusita, arropa bilketa bat antolatzen hasi gara, behar hori ahal dugun heinean asetzeko. Bilketa azaroan egingo dugu, negurako Grezian egon dadin eta errefuxiatuek neguari aurre egiteko arropa egokia izan dezaten. Arropa hori Greziako Lesbos eta Chios uharteetara bidaliko da, arroparen banaketa Attika eta Feox elkarteek kudeatuko dute".

Greziako errefuxiatuentzako neguko arropa bilketa

Eguna: azaroak 15, osteguna.

Ordutegia: 18:00-20:00.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: Zaporeak proiektutik Euskal Herri mailan bideratzen ari den elkartasun ekimenarekin bat eginik, negua ate joka dugun honetan, behar larrian diren Greziako Chiosen dauden errefuxiatuentzako neguko arropa bilduko da.

Informazio gehiago: zaporeak.eus