Haize bolada gogorrak espero direlakoan, abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 18:00etatik larunbat goizeko 09:00ak arte. 60-80 kilometro orduko abiadurakoak izan daitezke lehen orduetan. Eta gauerditik aurrera, "hego-osagaiko haize-boladek 100-110 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneak diren lekuetan, bereziki mendebaldean eta mendi inguruetan. Haizea indartsuagoa izango da egunaren amaieran", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
ASTEBURURAKO IRAGARPENA
Azaroak 9, ostirala
"Gaur, eguneko ordu askotan, giro argia izango dugu. Goizeko lehen orduetan hodei multzo batzuk izango ditugu eta euri pixka bat egin dezake, ipar-ekialdean gehienbat, baina, goizean atertzera egingo du eta, horrekin batera, baita argitzera ere. Egunaren erdiko orduetan giroa eguzkitsua izango da eta arratsaldearen erdialdetik aurrera, hodeiak ugarituz joango dira; gauean baliteke han eta hemen euri pixka bat egitea. Haizea nabarmentzekoa izango da. Hego/hego-mendebaldetik joko du eta indartu egingo da arratsaldetik aurrera; gauean bolada oso gogorrak espero dira, batez ere mendebaldean".
Azaroak 10, larunbata
"Larunbatean giro motelagoa izango dugu. Egunaren lehen zatian hodeiak ugariak izango dira eta han-hemenka euria utziko dute. Arratsaldean hobetzeko joera izango du giroak; ostarteak zabalduko dira eta arratsalde-gauerako erabat atertuko du. Tenperatura maximoak pare bat gradu igoko dira. Goizaldean hego-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, baina, goizeko lehen orduetarako indarra galduko du".
Azaroak 11, igandea
"Igandean ildo beretik jarraituko dugu, hodei dezenterekin eta tarteka euriarekin. Fronte berri bat sartuko da eta hodei asko hurbilduko dizkigu. Horrekin batera euria ere espero dugu, baina bereziki eguerditik aurrera. Hegoaldeko haizea ibiliko da beste behin eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus