Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak Jose Ignacio Asensioren dimisioa eskatu du

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 13a, 13:29

Zeresana eman du Euskal Telebistak Zubietako erraustegiari buruz aurreko astean plazaratu zuen erreportajeak. Erraustegiaren aldeko eta kontrakoen ahotsak bildu zituen ikus-entzunezkoan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok parte hartu zuen.

Asensiok eginiko “gure taldearen kontrako deskalifikazioak direla eta” oharra plazaratu du, 2002. urteaz geroztik hondakinak erraustearen eta osasunaren artean dagoen hartuemanaz informatu gaituen medikuez osaturiko Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). "Guztion onerako" diotenez, ingurumeneko diputatuaren dimisioa eskatu dute egunotan kaleratu duten zazpi puntuko adierazpenean eta dimititzen ez badu, sina dezala erraustegiak herritarren osasuna kaltetuko ez duela bermatuko duen dokumentua.

Irudia: artxibokoa.

OEIT-ren OHARRA

Asensio jaunak 2018ko azaroaren 6an ETB 1-eko Katebegia saioan, gure taldearen kontra egindako deskalifikazioak direla eta, GEIS/OEIT-tik zera adierazi nahi dugu:

1-Sendagile talde bat gara. Gizartean dagoen eztabaida gero eta handiagoaren aurrean, 2002tik gure hondar alea ekartzea erabaki genuen, gizarteari informatuz zein harreman dagoen benetan hondakinen erretzea eta osasunaren artean.

2-Ez gara zientzialariak. Zientzialariak dira guk aurkeztutako ikerketak egin dituztenak. Hor dago gure GEIS/OEITko taldekidea, telebista saio berean datu biribilak aurkeztu zituena. Guk emaitza zientifikoak mahaigaineratzen ditugu besterik gabe, Asensio jaunak behin eta berriz ezkutatzen dituen emaitzak.

3-Plazaratu ginen aurreneko momentutik, eta gero hamaika aldiz, Asensio jaunari eta momentuko agintariei agertu diegu gure asmo betea dugun informazio guztia emateko. Berak ez al du inoiz jakin nahi gure datuen islatzen duten errealitatea? Begirune falta hau, gure taldeari baino gehiago, osasunagatik kezkatutako gizarteari egiten zaio.

4-Asensio jaunak peskizan ditu guk aurkeztutako ikerketen egileak. Aukera du gonbidatzeko eta galdetzeko, urruneko sendagileekin egin duen bezala (eta zeintzuk interes gatazka nabarmenak dituztenak, bide batez). Guk behin baino gehiagotan antolatu ditugu mahai inguruak, eta erraustearen aldekoak ez dira agertu.

5-Inoiz ez dugu inor iraindu, engainatu edo izena belztu. Guk berriz, askotariko irainak, zakarkeriak, arbuioak eta errespetu faltak pairatu ditugu, bakarrik kalitate irizpide kontrastatuak betetzen dituzten ikerketak mahaigaineratzeagatik.

6-Berriro Asensio jaunaren eskura ezarriko genituzke esandako ikerketak, bere konfiantzako sendagileek miatzeko, baina aurrekari tristeak direla eta, gizartearen adimenari egindako laidoak eta GEIS/OEIT-i jaurtitako kalumniak, bere dimisioa eskatu besterik ez zaigu gelditzen, bidea emateko gizarte bizidun baten kideen ekarpenak aintzat hartzen dituen beste norbaiti, guztion onerako. Bestela exijitzen diogu agiri bat sinatzeko, non bermatzen duena erraustegiak ez duela kalterik ekarriko ondoko biztanleen osasunari, eta azaltzeko zergatik biztanle horiek behar duten jarraipen medikoa.

7-Denon ongizate horrengatik, eta dauzkagun ebidentziengatik, berriz ardura edo prekauzio printzipioa gogora ekartzen dugu, eta gure arduradunei hondakinen kudeaketa seguruagoa eta osasungarriagoa eskatzen diegu.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT)