Aginagako Eliza Zaharra biziberritzeko, tokia bera kultur gune gisa dinamizatu eta bultzatzeko hitzordu berria finkatu dute larunbat honetarako, azaroak 17. Urola Kosta parteko musika nagusi izango duen kontzertu gaua antolatu dute. 23:30etan hasita, Skasti zarauztarrak, Voltaia zumaiarrak eta Dj Seymar! Kontzertu gauerako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue 5 eurotan Aitzaga tabernan. Bestela, egunean bertan sarrera kopuru mugatua eskuragarri izango dute Aginagako Eliza Zaharrean.
Aginagako Eliza Zaharra kultur gune gisa sustatzeko ahaleginaren baitan kokatzen da kontzertu gau hau. Gogoan izan, auzolanean eraberritu zuten aginagarrek, erabilera anitzekoa izatea nahi duten gunea. Eliza Zaharra kulturgune gisa sustatzeko, iaz toki honen inguruko liburuxka ere argitaratu zuten Aginagako gazteek. Bertan egoki asko azaltzen zutenez, “Eliza Zarraren historia eta ekitaldien gainbegiratu azkar bat egin nahi izan dugu. Etorkizunean ere, iraganean babestu dituen adina ekintza edota gehiagoren plaza izan dadin eta altxor honi merezitako garrantzia eman diezaiogun. Honenbestez, dei egiten diegu herritar zein kultur arloko edozein eragileri, beraien ekintzaren bat bertan burutu nahi izanez gero, gurekin harremanetan jartzera”.