"Usurbil 0.0" egitasmoari jarraipena egiteko bilera gaur 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 14a, 07:25

Asteazken honetarako, azaroaren 14rako deitu dute aipatu bilera arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Azken hilabeteotan Usurbil 0.0 plangintzaren barruan eman diren pausoen berri emango da, baita hurrengo urterako aurreikusten diren egitasmoen berri ere", herritarren ekarpenak biltzearekin batera, Udaletik azaldu dutenez. 

Gogoan izan, "Usurbil 0.0" etorkizunera begirako hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa dugu. 2023. urtera arteko bide-orria ere zehazten du, helburuokin:

-2023. urterako Usurbilgo hiriko hondakinen sorrera %10 murriztea eta etxeetako errefusa kopurua 50 kilo biztanleko eta urteko baino urriagoa izatea, erreferentzia urtea 2015a izanik.

-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea (700 tona biohondakin inguru).

-2020 urterako Hiri Hondakinen %90a gaika biltzea, horien kalitatea murriztu gabe. 

-2023an zabortegian isurtzen diren hondakinak gehienez ere %5 material biodegradagarri izatea.

-2023an hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.

%85,11ko gaikako bilketa

Usurbilgo Udalak kaleratu berri ditu 2018ko lehen seihilekoari dagozkion hondakinen gaikako bilketari lotutako datuak. Urtarriletik ekainera bataz beste, hondakinen %85,11 bildu zen gaika Usurbilen. Hilabetero eta gaika bildutako hondakinen kopuruak zehazten dituen ondoko taula plazaratu du Udalak.

Taula horretan ikus dezakezuen moduan, urteko lehen sei hilabeteetan hondakinen gaikako bilketa %85,11koa izan zen bataz beste Usurbilen. Baina zenbait hilabeteetan, ehuneko hori are altuagoa; apirilean %86,56raino eta maiatzean %87,12raino hazi zen gaikako bilketa Usurbilen.

Gaikako bilketa datuon xehetasunak dituzue aipatu taula horretan: autokonposta/auzokonposta, organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, industria guneetako gaikako bilketa, pilak, ehunak, etxeko olioa, Garbigunea, errefusa, kale garbiketa bidez jasotako hondakin kopuruaren berri...