Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea ostiralean

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 14a, 13:37

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du Tadamun, herrien arteko elkartasuna sustatzeko Usurbilen sortu berri den taldeak ostiral honetarako (azaroak 16), iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. "Pairatzen dituen erasoen aurrean gure elkartasuna adierazi nahi diogu palestinar herriari", ohartarazi dute sare sozialen bidez.

Azken erasoaldia egunotan pairatu dute palestinarrek. Israelek gutxienez sei palestinar hil eta beste 20 zauritu ditu Gazaren hego-ekialdean bi gauez segidan jaurtitako 80 bat misilen ondorioz. Hainbat azpiegitura eta eraikuntza erasotzea zuen helburu Israelek; tartean Al-Aqsa telebista kate palestinarra eta Gizarte Zientziei Aplikatutako irakasgaien fakultatea.

Herrien arteko elkartasuna eta Usurbil inklusiboago bat sustatuko du Tadamun-ek

Sorterri guztietako usurbildarren elkargune eta herrien arteko elkartasuna sustatzeko talde gisa aurkeztu zuen bere burua Tadamunek, joan den urriko Mundualdia jaialdiaren testuinguruan, jendaurrean Sutegin egin zuen aurkezpenean. Internazionalismoaren arloan, herrian zegoen hutsunea betetzera dator arabieraz elkartasuna esan nahi duen bilgune berria. 

Bi lan ildo nagusi jorratuko ditu Tadamunek. Batetik, beste herrietako bizimodu, errealitate, hamaika borroka herrira ekarri nahi dituzte. Talde, bolondres, brigadista eta abarren lekukotzak, hitzaldi, mahai-inguru ezberdinen bidez. Baina haratago joan nahi du bilguneak. "Usurbil inklusiboago baten lanketan" Sutegin ziotenez, "kanpoko gatazka eta dauden bizitzeko modu ezberdinetaz elikatuz" gaineratzen zutenez, "hor aurkituko dugu kanpotik datorren jendearekin enpatizatzea. Eta hor, Tadamun elkargune bat izatea nahi dugu. Asistentzia juridikoa eta babesa ematen duten beste elkarte batzuekin harremanetan gaude. Gure ilusioa, etorkizunean, kanpotik etorri den jendearekin harreman bat egin eta Tadamun denon elkargunea izatea litzateke". 

Taldea Twitter bidez jarrai dezakezue, helbide honetan: https://twitter.com/tadamun_herriak