Hutsik dauden lokal komertzialak biziberritzeko edota urtebetez Kabiene Elkartearen elkarlangunean urtebeteko egonaldia egiteko, ekintzaileei zuzenduriko bi udal diru-laguntza deituak zituen Usurbilgo Udalak. Deialdi batera zein bestera aurkezteko irailaren 30erako arteko epea zuten interesdunek.
Aurkezturiko eskabideen gaineko behin behineko ebazpena kaleratu du orain Usurbilgo Udalak. Asteazkeneko (azaroak 14) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hain zuzen. Kabiene Elkartearen Elkarlangunean urtebetez lan egiteko Hasiz Hazi beka deialdira hiru proiektu aurkeztu zituzten beste hainbeste usurbildarrek. Psikologia perinatalari buruzko Karena proiektua Aroa Etxeburua Ugartemendiak; "Mundu ttiki bat" barne diseinuari lotutakoa Maitane Zuriarrain Urdanpilletak eta finantza eredu berri baten aholkularitzaren inguruko "Kriptotxanponak" proiektua Aitor Yarza Maizek. Hiru lagun aurkeztu ziren deialdira, baina bi ekintzaileen egitasmoen garapena diruz lagunduko du Udalak; Etxeburua eta Zuriarrainen egitasmoak.
Lokal komertzial hutsak biziberritzeko diru-laguntza deialdira berriz, bi eskaera aurkeztu dira. "Lehengo urtetik datozen bi eskatzaileak bigarren urterako eskaera egin dute", dio Udalaren behin behineko ebazpenak. Batetik, Antxeta jatetxe ondoko Zubiaurrenea 6 kaleko egoitza berria laster martxan izango duten Tapuntu kooperatibakoek eta Osinalde industrialdean, Elhuyar gainean bi urtez zabalik daraman Kabiene Elkarlan Guneak.
Aipatu moduan ebazpenok behin behinekoak dira. Udalak behin betiko ebazpenak plarazaratu aurretik, ostegun honetatik (azaroak 16) alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea zabalik dago jada.
Ebazpenon gaineko informazio gehiago, hemen:
Azaroaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Hasiz Hazi Kabieneko beka deialdia
Lokal komertzial hutsak biziberritzeko deialdia
Argazkia: Kabiene.