Eskualdeko langabetuen kontratazioa sustatzeko, azken finean langabetuen lan egoera hobetzeko proiektu desberdinak kudeatuko dituzte Beterri Buruntzako udalek; hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoek. Eskualdeko enpresek 19 langabetu kontratatzeko diru-laguntza deialdia plazaratu dute. Enpresen kontratazio hauetan, emakumeak edo gizarte-bazterketa arriskuan diren kolektiboak lehenetsiko dituzte.
Abenduaren 31 baino lehen, 22 langabetu kontratatuko dituzte bestalde eskualdeko udalek, proiektu desberdinak burutzeko. Kontratazio hauek Lanbidek kudeatuko ditu. Lan eskaintzotan, lanbide.eus atarira sartuta eman beharko da izena. “Udaletxeetako proiektuak garatzeko, perfil teknikoa duten eskualdeko gazte langabetuak kontratatuko dira, batetik, eta perfil teknikoa ez dutenak bestetik, udaletxeetako brigadetan arituko dira”.Kontratu bakoitzaren iraupena “proiektuaren araberakoa izango da, baina kontratuek lanaldi osoan 5 hilabeteko bataz besteko iraupena izango dute”. Udalen kontratazio hauei buruzko xehetasunak dituzue segidan:
Eskualdeko gazte langabetuak eta emakumezkoak lehenetsiko dituzten 7 kontratu:
-Eskualdeko Guztion proiektua. 2 Aparejadore kontratatuko dira.
-Kontrataziorako diru-laguntzen dinamizatzaile bat.
-Marketing komertzialerako kudeatzailea.
-Laneratze enpresa baten inguruko bideragarritasuna plana egiteko teknikaria.
-Maskoten kontzientziazio kanpaina burutuko duen teknikaria.
-Insertzio soziolaboraleko teknikaria.
Lan munduratzeko zailtasunak dituzten taldeak (iraupen luzeko langabetuak, 55 urtetik gorakoak edota DBEren hartzaile edo onuradunak) lehenetsiko dituzten 15 kontratu:
-1go mailako ofiziala (Margolari edo igeltsero). Denera 5 pertsona.
-2. mailako ofiziala (Igeltseroa). Denera 2 pertsona.
-8 peoi (Brigada).
Enpresetan langabetuen kontratazioak sustatzeko diru-laguntzak
Beterri-Buruntzako udalek (tartean Usurbilgoak), Lanbiden eskatzaile gisa izena emanda dauden langabetuen kontratazioa errazteko diru-laguntza deialdia plazaratu dute eskualdeko enpresentzat. Guztira, 123.000 euro bideratuko dute laguntzotara. Deialdi honetara aurkeztu ahalko dira, ekainaren 21az geroztik eta 2019ko ekainaren 30a baino lehen hitzartu diren kontratuak. Kontratuak lan egun osokoak izan beharko dute, 3-6 hilabete artekoak. Eskabideak dokumentazioarekin batera Andoaingo Udalaren Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria lansaileko Erregistroan bideratu ahalko dira. Helbide honetan: La Salle etorbidea, 6, Urigain Etxea. 20140 Andoain. Informazio gehiagorako: usurbil.eus / 943 371 951.