2019ra begira da jada Usurbilgo Udala. Udalbatzak gehiengo osoz onartu zituen urriko plenoan urte berrirako zerga ordenantzak. Hurrengo urratsa, udal aurrekontuak onartzea izango da. Udaletik berri eman dutenez, aurrekontuon zirriborroa lantzen ari da udal-gobernua. Guztira, iaz baino 700.000 euro gehiago, 12 milioi euro izango ditu herri honek, bideratu nahi dituen egitasmoetarako. “2019ko aurrekontu-proposamenak ere gobernu-programa du oinarri, eta urteotan landu diren arloz arloko plangintzetan jaso diren egitasmoei emango zaie lehentasuna”, Udaletik ohartarazi dutenez. Udalarentzat nabarmentzekoen artean, dira “Kale Irekiak mugikortasun-plana, Errioa Bizi! ekintza-plana, Usurbil 0.0 hondakinen programa, jubilatuen bizitza aktiborako egitasmoak, Parekidetasun Plana…”.
Udala lantzen ari den aurrekontuen zirriborroa ekarpenez hornitu nahi dute orain. Parte hartzea lehenetsi nahi dute, “gobernu-taldearen iritziz, herritarren eta oposizioaren hitza kontuan hartu ezean, ezin baita aurrekontu egokirik taxutu”.
Ogasun Batzordean oposizioarekin batera landuko dituzte udal aurrekontuok. Herritar eta eragileekin, azaroaren 19tik 22ra auzoka deitu duten bilera errondan. “Aurrekontuez ez ezik, bestelako kontuez ere hitz egiteko baliatu nahi dira bilerok. Parte hartu eta egin zure ekarpena!”, luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.
Aurrekontuen aurkezpena
-Azaroak 19, astelehena: udal aurrekontu zirriborroaren aurkezpena Ogasun Batzordean oposiziko taldeei. Ekarpenak egiteko 10 eguneko tartea izango dute gero.
-Azaroak 19, astelehena: 19:00 Aurkezpena Kaxkoan, Potxoenean.
-Azaroak 20, asteartea: 19:00 Aurkezpenak Txokoaldeko Erroizpe elkartean eta Santuenea Auzo Elkartean.
-Azaroak 21, asteazkena: 19:00 Aurkezpenak Munalurrako Eguzki elkartean eta Aginagako ludotekan.
-Azaroak 22, osteguna: 19:00 Aurkezpenak Kalezarko Haur Eskolan eta Zubietako Kaxkapen.
-Azaroak 28, asteazkena: oposizioko taldeen ekarpenak aztertzeko Ogasun Batzordearen bilera.
-Abenduak 20, osteguna: 2019rako udal aurrekontuak hasieraz onartzeko udalbatzaren ezohiko osoko bilkura.