[Kulturaldia] "Gure Kasa" aritu ginen Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 15a, 14:10

Ezaguna dugu asteazken iluntzean Sutegira gonbidatu genuen hirukotea. Gauero, batzuen afalordu edo besteen afalostean telebista pantailatik sukalde nahiz egongeletara sartzen zaizkigu, umoretik eta euskaraz. Euskal Telebistako "Gure kasa" saioaz ari gara. Saioko aurkezle hirukotea kultur etxean izan genuen asteazken iluntzean; Aitziber Garmendia eta Julen eta Antton Telleria. 

Bigarren denboraldi betean murgilarazi dituen saioaren xehetasun ezezagunez, haien ibilbide profesionalaz eta euskaraz luze zabal aritu ziren, bizipen pertsonal anitzez jositako solasaldian. NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregaraik gidatu zuen saioa parte hartzailea izan zen une oro. Gaztetxo mordoa bertaratu zen ekitaldira, haietako bat baino gehiago jakinminez eta telebista pantailatik Sutegira jauzi eginiko aurkezle ezagunak galdekatzeko gogotsu.

"Euskaraz denetarik egin behar dugu"

Gauero aurkezten duten saioaz galdetuta ziotenez, esperimentu modukoa izan zen estreinatu berritan "Gure Kasa". Baina jendeak gustuko zuena kontuan izanda bide bat hartu zuten, "tekla egokiekin asmatu genuen", azaldu zuen. Bigarren denboraldia oso ondo hasi dutela nabarmenduta, "guri tokatzen zaiguna da, gure lanean gozatzen segitzea, oso ondo pasatzen baitugu". Ibilbide bat jorratuta, "lortu dugu gaur egun saioa lasai egitea", baina irribarrea inoiz galdu gabe. 

Saioaren arrakastaren gakoez galdetu zien Idoiak hiru gonbidatuei. Gakoetako bat Aitziber Garmendiarentzat, saioa nori zuzendua dagoen. Hasieratik gaztetxoei zuzendua egon arren, denetariko gonbidatuak bildu dituzte. Eta saioaren atzean dagoen lan talde zabala aipatzen zuen. Azkenean "arrakasta denen batura izan da, puzzlea pieza guztiekin egiten jakin izan dela".

Telebista ikusten dutenentzako eta ikusia izateko egiten dela gogorarazita, euskarak duen papera aldarrikatu zuten. "Euskaraz denetarik egin behar dugu, gustuko duguna eta ez duguna ere bai, hartara denok izango genuke aukeratzeko aukera hori", zioen Julen Telleriak, wuskaraz denetarik egiten ez bada, denetarik ez badago, "erdaraz kontsumitzea beste erremediorik" ez genukeela izango gogorarazita. 

Testuinguru honetan hartu zuten ahotan, egun hainbestetan aipatzen den telezaborraren kontzeptua. Julenek argi zuen. Deitura hori jasotzen duten telebista programa askook "guk baino askoz arrakasta gehiago dute, jende oso langile eta azkarra dagoelako. Horri telezaborra deitzeak errespetua ematen dit". 

Emakumea eta umorea

Euskaraz bizi diren hiru lagun dira aurkezleak. Saioaren arrakastaren gakoetako bat horixe izan dela, aipatzen zuen Antton Telleriak. "Euskara gure betiko ama hizkuntza izatea ere gure alde izan dugu. Hirurok euskaraz oso natural egin eta oso berezko tresna dugula. Hirurok euskaldunak gara. Etxean beti euskaraz egin dugu eta hori gure lanera eramatea oso naturala izan da". 

Euskaraz eta telebistaz aritu ziren, umorea eta emakumeez baita. Emakume umoregileek egun duten espazioaz, dauden aurreiritziez eta jasotzen dutenaz. Gizonezkoek grazia gehiago dutela entzun izan dute. "Hala da, hor sartzen uzten ez badiguzue, aukera bakarra izango delako gizonezkoen umorea", zioen Aitziberrek. Garmendiaren esanetan, "emakumezkoak gizarteak beti nahi gaitu txukun, dotore, formal, inoiz ez ganberro. Umorean gauza bera gertatzen da. Askotan deitu didate atentzioa telebistan, hitz bat edo beste esateagatik, edo modu batera edo bestera jokatzeagatik". 

"Guretzat erronka Erdaraldian parte hartzea izango litzateke"

Ate joka dugun Euskaraldiaz ere galdetu zien Idoiak, euskaraz bizi ote diren. "Bitxia egiten zait. Halako galderak egiterakoan naiz kontziente zein den benetako egoera". Euskaraz bizi edo aritzea, beretzat aukera naturala dela zioen Aitziberrek Sutegin. "Natural ateratzen zaizun zerbait da". Baina halako galderekin zioen, euskaraz bizitzekoa benetako aukera zela jabetzen zela.

Ate joka dugun Euskaraldiarekiko poztasuna agertu zuen. "Indar handia hartu du eta asko pozten naiz, espero ez nuen jendea ikusi dut bertan sartuta. Poz eman dit eta indarra. Bada hor zer landua eta jendearen erantzuna hor dago". Beste kontu bat da bere ikuspuntutik, "Euskaralditik kanpo zer geratzen den", euskararekiko norbere konpromiso maila nolakoa den.

Anttonen iritziz, bidean datorkigun Euskaraldia "tentsio batzuk baretzeko oso baliagarria izango da, niri euskaraz egin edo nik euskaraz egingo dizut lasai adierazteko. Eta ia hortik aurrera hizkuntza ohitura horiek mantentzeko aukera dagoen". 

Euskaraldiko 11 eguneko tartea Julenentzat, "egunerokoa egitea" izango da. Are gehiago, zioenez, "guretzat erronka Erdaraldian parte hartzea izango litzateke. 11 egunez erdaraz egin beharko bagenu, izerdi piloa bota beharko genuke, isilik egongo ginateke".