Astebete barru abiatuko dugun Euskaraldia zertarako? Usurbilen behar al da? 4 hauen esku utzi behar ote dugu Euskaraldiaren ardura gure herrian? Adi, Euskaraldia giroazen aritu zaizkigun Eli eta Patxi Sutegira datozkigu ostiral honetan (azaroak 16, 19:30, Sutegi), lagun berriekin; Nahia eta Xabatekin. "Euskaraldirako 4 aitzakia" edo gehiago emango dizkigute, asteotan prestatzen aritu diren antzezlanean. Nahia, Xabat, Eli eta Patxi laukotea Euskaraldiaz ariko zaizkigu Sutegin. Estreinaldiaren bezperatan, Eli eta Patxi elkarrizketatu ditugu.
Euskaraldia abiatzear dugu. Izena eman duzue?
Eli: Oraindik ez dugu izena eman. Hortxe gaude dudan, Ahobizi edo Belarriprest izan.
Patxi: Izen emateko ez digu denborarik eman. Lanean ari gara eta gainera ni aurten Gasteizen hasi naiz unibertsitatean. Han ere lanean ari naiz Euskaraldiarekin noski. Eli ere Donostian ari da lanean. Baina lasai, denbora hartuko dugu eta garaiz apuntatuko gara!
Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duzue?
Eli: Duda dut eta pentsatu egin nahi dut.
Patxi: Belarriprest izatea oso polita da. Zuk besteari zuri euskaraz mintzatzeko gonbita egitea ondo dago. Ahobizi izanda, neure buruari lehenengo hitza euskaraz egiteko erronka jartzea ere baloratzekoa da.
Azken aldian izen emateak biltzen aritu zarete. Jendea Euskaraldirako animoso al dago?
Eli: Pixkanaka data heltzen ari den neurrian, jendea berotzen ari da eta izen emate asko daude. Baina Belarriprest gutxixeago daude. Hori orokorra da ordea ezta Patxi?
Patxi: Nik uste dut jendeak uste duela Belarriprest izatea Ahobizi baino gutxiago dela eta hori ez da hala. Zu Belarriprest izanda gonbita egin behar diozu besteari zurekin euskaraz mintzatzeko. Norberak bere buruarekin konprometitu behar du. Ahobizi txapa jartzen badugu eta gero ez badugu hartutako ardura betetzen, ariketak ez du ezertarako balio izango.
Belarripresten inguruan sortu da zalantzarik; euskaraz hitz egiteko gai denak Ahobizia izan behar duela, nola izango ote den Belarriprest.
Eli: Ni horregatik nago zalantzan. Belarriprest izatea baita gonbita zuzen bat egitea, besteek niri euskaraz hitz egitea. Horrekin nabil ba bueltaka! Ni betidanik Ahobizi izan naiz, lehenengo hitza nahigabe beti egiten dut euskaraz. Orduan niretzat Ahobizi izatea ez litzateke ariketa bat izango. Belarriprest izanez, jendeari niri euskaraz hitz egiteko gonbita luzatuz bai ordea.
Euskaraldirako formazio saioak antolatzen ari dira, garrantzitsuena planteatzen den ariketa ondo egitea baita. Zuek prestatu zarete?
Eli: Ni ilusioz hasiko naiz! Urduri nago, zer izango ote den, egia ote den 11 egun horietan euskara gehiago erabiliko dela. Guk ere formazio klaseak jaso ditugu.
Patxi: Bai, behar genituen. Abuztuan dena genekiela uste genuen, baina gero hori horrela ez zela jabetu ginen. Guk ere formazioa behar genuela alegia, horregatik joan gara Euskaraldiak antolaturiko tailerretara. Hor azaleratu dira, gure buruan genituen zalantzak; kanpoko batekin nola hitz egin, dendariak nola mintzatu behar den zurekin… Tailer egokiak antolatu dituzte eta oso dinamikoak gainera. Asko ikasi dugu!
Eli: Maitek eta Maialenek eman ziguten lehen ikastaroa!
Patxi: Beraiek gu baino urduriago zeuden. Hori du ona Euskaraldiak, antolatzen den lehen aldia da. Denak berriak gara. Horrek ilusioa piztu duela uste dut.
Eli: Ikastaroak gainera praktikoak izan direnez, gai asko sortu dira eta batzuetan bukatu ezinik egon gara. Gu okerrenak. Berriketan jartzen ginen.
Patxi: Eztabaida ugari izan arren, zalantzak argitzeko oso ondo etorri da.
Euskaraldiak geroz eta lagun gehiago ditu Usurbilen. Zuek ere bai. Ostiralean antzezlan bat eskaintzera zoazte Sutegin, bi lagun berrirekin. Koadrila hazi zaizue?
Eli: Nahia eta Xabat, usurbildarrak dira baita ere. Ezagutzen dituzue. Udan ez dira gurekin ibili ezin izan dutelako, baina Euskaraldian parte hartzeko desiratzen zeuden baita. Azkenean ostiralean gurekin batera egongo dira.
Patxi: Euskaraldia hori baita. Hori da saretze lana. Gu biok hasi ginen baina gero gure ingurukoei zabalduz eta zabalduz jende gehiago sartu da.
Antzezlanaren izenburuari erreparatuta, zer 4 aitzakia behar ditugu Euskaraldian parte hartzeko?
Patxi: Hori ezin da esan! Hori jakiteko antzezlana ikustera etorri beharko duzue!
Eli: Lau aitzakia dira baita, Xabat, Nahia, Eli eta Patxi! Badira lau e!
Patxi: Gu laurok saiatuko gara aitzakiak ematen. Baten batek dudaren bat baldin badu Euskaraldia beharrezkoa ote den edo ez, zertarako den, guk behar ote dugun, etorri eta guk emango diogu Euskaraldian parte hartzeko aitzakia.
Zalantzan izango da baten bat. Izen eman edo ez. Zer esan hari?
Eli:Dudan dagoena animatzeko. Izena eman, guztia euskararen mesederako da. Gaur joan naiz Nafarroako herri txiki batera, ez Nafarroa iparralde inguruan, eta espero ez nuena han ikusi dut; Euskaraldirako izena emateko aukera eta hunkitu naiz. Begira, zenbat lan egiten ari den jendea! Izena eman!
Ostiralean Sutegira joanda zuekin entrenatu ahalko dugu..
Patxi: Ostiralean Sutegira datorrena, Euskaraldiaren jakinaren gainean jarriko da. Izen emateko zalantzan dagoen horrek aitzakiarik ez du izango eta Usurbilgo jendeak ikusiko du zergatik behar duen Euskaraldia izan Usurbilen.
Eli: Jope Patxi, hau diskurtsoa!
Patxi: Eli, filosofiako karrera ikasten ari naiz Gasteizen.